Eugenio Otsoa gatz museoak ere parte hartu gura izan du Andramaixa jaietan. Hala, Sorginak emakume taldearen eta Soran Etxea hotelaren laguntzarekin aparteko ekimena izango da domekan, hilak 6: museora bisita eta gatzarekin egindako jakiak.
Gatza zelan ateratzen zuten sasoi baten erakutsiko dute museoan eta gatz komertzial ezberdinak jarriko dituzte ikusgai. Gainera, Jakionek ekoizten dituen produktuak egongo dira salgai.
Gatzezko bonboiak eta pintxoak
Gatzaren gaineko kontuak erakutsi bakarrik ez, dastatzeko aukera ere izango da. Izan ere, Soran Etxea hotelak gatzezko bonboiak egin ditu egun horretarako. Era berean, Sorginak emakume elkarteak pintxo gaziak gertatuko ditu, bertako tomateekin eta piperminekin eginda. Goizean izango ditu zabalik ateak museoak (11:00-14:00) eta 3 euroren truke sarrera, pintxoa eta edaria eskainiko dituzte.