Jaurlaritzako Industria Sailak eman dio baimena Repsol enpresari herriaren gainaldean dauden bi tangak gasez betetzeko, eta egun batetik bestera egingo dutela uste du Eusebio Villar alkateak. Behin tangak beteta alta eman behar dute interesatuek, eta horren berri emango duen oharra kaleratuko du Udalak herritarrak jakinaren gainean egon daitezen. Hori horrela, hainbat pausu jarraitu behar dituzte gasa izan gura dutenek: lehenengo alta eskatu eta gero Repsolekin kontratua sinatu. Etxe barrura gasa sartzeko instalakuntza egin beharko dute gero iturginen batekin –batzuk eginda daukate–, eta instalakuntza ondo dagoen begiratzera etorriko dira Repsoleko langileak azkenik. "Ea hamabost bat egun barru lehenengo herritarrek gasa daukaten etxean", esan digu itxaropentsu alkateak.
Bigarren faseko lanak 2008an
Bigarren faseko lanak egitea onartu zuen udalbatzak urriaren 25eko osoko bilkuran. Eta azaroaren 16ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean kaleratu zuten lanak esleitzeko lehiaketa deialdia. 291.162 euro aurreikusi dute lanondako, eta sei hilabetetan bukatuko dituztelakoan daude: "Urtea bukatu aurretik esleituko ditugu lanok. Eta martxo edo apiril inguruan hasiko lirateke kaleak zabaltzen", azaldu digu alkateak. Hala, irail inguruan bukatzea gurako lukete Udaleko arduradunek, ezustekorik agertu ezean behintzat: "Gas-tangak martxan egongo dira ordurako, hortaz, bigarren faseko herritarrek bizkorrago izango dutela gasa etxean pentsatu gura dugu".