Gabonetako apaingarriak jarriko dituzte bihar Gureleko kideek

Mirari Altube Arrese 2009ko abe. 18a, 14:45
Bihar, hilak 19, eguerdian (12:00) elkartuko dira Gureleko ume eta gurasoak Gabon apaingarriak jartzeko San Migel plazan, hau da, pilotalekuko aterpean.

Bihar eguerdian (12:00) elkartuko dira Gureleko ume eta gurasoak Gabon apaingarriak jartzeko San Migel plazan, hau da, pilotalekuko aterpean. Materiala gertu dute eta Gabonekin zerikusia duten pertsonaiak jarriko dituzte bertan. Azken urteotan elizpean jarri arren, aurten pilotalekura aldatzera erabaki dute. Apaintze lanak bukatzen dituztenean txistorra jatera eta barrua berotzera joango dira neska-mutikoak Toki Eder elkartera.

Gabon egunean, kantuan

Eguenean, abenduak 24, Gabon kantuak abestera joango dira baserriz baserri urtero egiten duten legez. Aurten ez dute kantuen entsegurik egin, baina abestirik ezagunenak dituen orritxoa banatu dute Gureleko kideek etxean egiteko entseguak. 


Aurten aldaketatxo bat egiteko asmoa daukate antolatzaileek: talde osoak ibilbide guztia egin beharrean bi taldetan banatu. Talde batek Olaun aldeko baserrietara joko du eta handik Arabako mugaraino, bidean dauden baserrietatik pasatuta. Beste taldea, ostera, Goierri auzora eta inguruko baserrietara joango da: "Umeak nahiko txikiak dira eta astunegia izan ez dadin erabaki dugu aldaketa. Horretarako, baina, eguraldi ona behar dugu eta ikusi egin behar zer datorren", jakinarazi dute. Bi taldeak herrian elkartuko dira gero eta kalez kale jardungo dute kantuan. Bien bitartean bazkaria gertatuko diete Toki Eder elkartean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak