Arratsaldea lasaia izan zen, baina, iluntze aldera herriko plaza gaztez betetzen hasi zen; egubakoitz gaua gazteen gaua izan zen-eta. Urtero moduan rock kontzertua egin zuten baina, aurten, inoiz baino talde gehiagok jo zuten; bost talde igo ziren oholtza gainera: Arrasateko Dirty Acoustic Brothers eta Aggressive Combat, Aretabaletako The Crackers eta Krisis eta Goierri aldeko The Last Strenght. Hori horrela, goizaldera arte punk-oi! doinuak izan ziren nagusi Gatzagan.
Zapatuan herrikoak ibili ziren batez ere eta jaien bigarren egunean ere iluntze aldera berotu zen giroa. Zo Zomgo perkusio taldeak sekulako giroa ipini zuen Gatzagako kaleetan barrena eta herritar talde polit batek jarraitu zituen dantzan. Gauean, berriz, herri afaria egin zuten. 150 pertsona elkartu ziren herriko plazan eta afalostea Trikizio taldeak girotu zuen.
Gatzdun pintxoek arrakasta
Domekan jende asko ibili zen. Goizeko mendi bizikleta zeharkaldiaren aitzakiarekin jende ugari hurbildu zen Gatzagara. Asko eta asko gatz museoraino gerturatu ziren; izan ere, Sorginak emakume taldeak, Soran Etxea hotelaren laguntzarekin egindako gatzdun pintxoak eskaini zituen. Sekulako arrakasta izan zuten horiek ere; benetako gutiziak.
Eguerdi partean flamenko doinuak iritsi ziren. Lapulga eta konpainia taldeak sekulako arrakasta izan zuten. Askoa dantzariak flamenkoarekiko duen pasioa ikusleenganaino iristea lortu zuen. Arratsaldean, gero, pilota partiduak egon ziren.
Astelehen eta martitzenean, gehiago
Baina festa ez da amaitu oraindik, ez da gutxiago ere. Astelehenean, hilak 7, arratsaldean umeendako jolasak egongo dira eta bederatziurrena dorletan Eskoriatzako abesbatzarekin. Martitzenean, berriz, Otxandiokoei ongietorria egingo diete, 11:00etan.