Fado afaria egingo dute apirilaren 25ean, egubakoitza

Mirari Altube Arrese 2008ko api. 18a, 12:19
Portugalgo Krabelinen Iraultza aitzakia hartuta fado afaria antolatu dute hainbat gatzagarrek. Gatzagain jatetxean izango da apirilaren 25en, eta oraindik salgai daude txartel batzuk.

Portugalen 1974ko apirilaren 25ean gertatu zen Krabelinen Iraultza gogoan izanda antolatu dute afaria. 25 de abril sempre! Leintz Gatzagako kofradixie izena jarri diote hainbat herritarrek sortu duten taldeari, eta gatzagar zein portugaldar, guztiendako izango da hilaren 25eko afaria.

Portugaldar asko

Gatzaga inguruan portugaldar asko bizi dira, batzuk autobideko lanak egitera etorrita, eta beste batzuk beste lanbide batzuetan: "Gure artean bizi dira, herriko tabernetan ibiltzen dira, eta harremanak sortu dira", azaldu digu ekimenaren bultzatzaile batek, eta gaineratu du: "Afarira etortzeko animatu guran ibili gara, baina ez dira asko etorriko". Gatzagain jatetxean egingo dute, eta 50en bat lagun elkartuko dira gehiagorendako ez dagoelako tokia. Txartelak Gatzagainen bertan eta Labidea dendan daude salgai, baina dagoeneko oso gutxi geratzen dira. Udalaren eta Amaral eta Razkin eraikuntza enpresen laguntza jaso dute antolatzaileek.

Ventos de Saudade taldearen fadoak

Eta afalosterako fadoak abesten dituen taldea ekarriko dute. Soraluzeko Ventos de Saudade laukoteak doinu triste eta dotoreekin girotuko die solasaldia, eta bat baino gehiago oroituko da jaioterriarekin. Talde horrek, gainera, jasotako dirua Guatemalako proiektu bati laguntzeko erabiliko du, Escuela en la calle izeneko proiektuari hain zuzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak