Erretiratuen Eguna ospatuko dute zapatuan

Mirari Altube Arrese 2009ko irailaren 10a

Andramari jaiak bukatu eta gero erretiratuei omenaldia egiteko eguna dator. Hala bada, zapatuan, irailak 12, bazkaria eskainiko die Udalak Toki Eder elkartean.

Herriko erretiratu guztiek, kalekoek zein baserrietakoek, jaso dute Udalaren gonbidapena biharko. Eta asko izango dira dei horri erantzunaz elkartuko direnak; iaz, 30en bat eta aurten ere antzera izango direla uste du Ainara Zubillaga Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak.


Eguerdi inguruan elkartuko dira guztiak eta herrian bueltatxo bat eman ostean Toki Eder elkartea izango dute bazkaltzeko topagune. Jatetxeren batera joan baino nahiago dute Gatzagako elkartean bazkaltzean erretiratuek, lasaiago izaten direlako bertan. Bazkalostea girotzeko trikiti doinuak izango dituzte. Bien bitartean, batzuk kontu kontari izango dira eta beste batzuk karta jokoan jardungo dute.

Opariak guztiendako

Ospakizuna bukatu aurretik oparitxoak banatuko dizkie Udaleko Gizarte Zerbitzuak elkartutako guztiei. Eta herriko nagusienek opari berezia jasoko dute. Iaz legez, nagusiena Asteisolo baserriko Narciso Beitia da 96 urterekin –udaletxean dituzten datuen arabera–. Emakumeetan, ostera, Matilde Arrese da nagusiena 91 urte beteta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak