Plan berriaren etorkizuna
Arkauzek hitz egin zuen lehendabizi eta adierazi zuen, gaurko egoera ekonomikoa kontutan hartuta Jakionen atzetik dauden baserritarrak, Udalak eta langileak lan bikaina egiten ari direla: "Gauden krisi egoera kontutan hartuta, baserri munduan eta bertako produktuak lantzen jarraitu nahi duenari jarrai dezala esaten diot, hortxe egongo delako Jakion guzti horiei laguntzeko". Iraia Solak, plan estrategikoaren arduradunak Jakionek lortutako emaitzak eta etorkizuneko asmoak zeintzuk diren aipatu zituen: "Dagoeneko martxan den plan berriarekin urte hauetako esperientziak irakatsitakoa praktikan jarri nahi dugu; emaitza azpimarragarriak lortu ditu jada: 2007tik 2008ra ekoizpenaren hazkundea %40 izan da eta salmentak %33 handitu dira. Are gehiago, iazko ekainetik gaur arte %59 izan da hazkundea salmentan". Hasieratik egin duen bezala, Itsasmendikoi elkarte publikoak proiektua babestuko du eta plan estrategikoaren motorizazioaz eta jarraipena egiteaz arduratuko da.
Erronkak
Planifikazioa indartuko dute hiru arlotan bereziki: ekoizpena, hornikuntza sistema eta komertzializazioa.
Horrela, estrategia komertziala aldatu eta marketinari garrantzia gehiago emango diote, kontsumitzaile zein baserritarrek Jakion zer den ezagutu dezaten; enpresa berria sortuko dute beste kokapen batean– Arlabaneko planaren barruan–; sare komertziala hedatuko dute Gipuzkoatik EAEra eta beste erkidegoetara zabaltzeko apustua egingo dute eta produktu berriak plazaratuko dituzte: besteak beste, Labeldun kontserba berriak, zaharren egoitzetarako produktu bereziak.
Jakionen sorrera
Jakion duela 11 urte sortu zen Deba Garaia Landa Garapen Elkarteak, Debagoieneko zortzi udaletxek eta bailarako 37 baserritarrek osatzen duten enpresa, inguruko baserritarrek ekoizten dituzten produktuei irtenbidea emateko. Ordutik, fruta eta barazki naturalen kontserbak komertzializatzen ditu eta hainbat enpresa ekologikoren produktuak ere eraldatzen ditu: besteak beste, labeldun ekoizleak edo Tolosako Babarrun Elkartea.