Egurraren tasa aldatzea erabaki du udalbatzak

Mirari Altube Arrese 2009ko api. 23a, 15:09
Zuhaitzak jausita egonez gero basoan tasarik ez ordaindu behar izatea herritarrek onartu zuten apirilaren 6ko ohiko osoko bilkuran.

Eugenio Otsoa gatz museoa, turismo bulegoa eta Labidea denda kudeatzeko ardura eskaera aurkeztutako bakarrari ematea onartu zuen udalbatzak osoko bilkuran. Behin behineko onarpena izan zen eta orain 15 egun ditu eskatutako dokumentu guztiak aurkezteko. Gainera, udalbatzako kideek ahalmena eman zioten alkateari behin betiko onarpena egiteko datozen egunotan. Hala, inolako ezustekorik ez bada gertatzen behintzat, lehiaketara aurkeztutako bakarrari emango dio alkateak datozen bi urteotan gatz museoa, turismo bulegoa eta denda kudeatzeko ardura.

Enplegu tailerra

Bestalde, Debagoieneko mankomunitateak garatuko duen Enplegu Tailerraren proiektua onartu zuen udalbatzak. 2009-2010 ikasturterako egitasmoa da eta langabezian dauden herritarrek formazioa hartzeko aukera izango dute lagunduta. Herri bakoitzean zenbat lagunek parte har dezaketen zehaztu du mankomunitateak eta Gatzagaren kasuan, herritar bati lagunduko diote hiru ikastaro egiten. Zerbitzu horregatik 2.200 euro ordaindu beharko ditu Udalak. Gatzagarrik aurkezten ez bada Enplegu Tailerrera, beste herriren bateko langabeek izango dute aukera haren ordez sartzeko.

Egurraren tasa aldaketa

Iazko urrian erabaki zuen udalbatzak herriko lursail bat erostea eta konpromiso hori hartu zuen jabearekin orduan. 2009ko aurrekontuan sartuta dute gastu hori eta udalbatzako kideek baimena eman zioten alkateari erosketa sinatzeko.


Bestalde, Udalak kobratzen dituen tasa bi aldatzea erabaki zuten. Batetik, zaborraren tasak %20,1eko igoera izango du. Mankomunitateak proposatutako igoera da eta uztailetik aurrera hasiko dira aplikatzen tasa berria. 


Bestetik, basoko egurraren aprobetxamenduagatik ordaindu beharreko tasa aldatzea erabaki zuten. Pagoa eta beste zuhaitz batzuen egurra etxerako erabiltzeagatik 15,50 euro ordaindu behar da. Baina zuhaitzak jausita baldin badaude basoan tasarik ez kobratzea onartu zuten. Herritarrek gero eta egur gutxiago ekartzen dute basotik –beste erregai mota batzuk erabiltzen dituztelako– eta hori ere kontuan izan zuen udalbatzak. Hori bai, jausita topatuz gero zuhaitzen bat basozainari jakinarazi beharko diote interesatuek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak