Egunotako Korrika Txikiek girotuko dute lekukoaren etorrera

Mirari Altube Arrese 2009ko api. 2a, 14:30
Korrika badator eta domekan goizean (07:13) iritsiko da Gatzagara. Lekukoaren etorrera girotzen joateko Korrika Txikiak egingo dituzte gaur eta bihar herriko neska-mutikoek.

Eskolako sei umeak takarradan ibiliko dira gaur bazkalostean (15:30) herrian, lekukoa eskuan hartuta. Ez bakarrik txikienak, 6 eta 12 urte arteko gatzagarrek ere egingo dute takarradan, gaur, Eskoriatzako Korrika Txikian.

Eta Gatzagako ume eta gaztetxo guztiek elkartuta bihar egingo dute Korrika Txikia, gatz museoan hasita (18:30). Handik herrira sartuko dira eta Soran etxea hotelaren alboko aldapatik gora harresiraino joango dira. Harresiaren kanpotik buelta eman eta Markole plazara egingo dute gero, eta 12 tutuko iturriaren atzetik pasatu eta Labidea denda alboko tunela zeharkatuta plazan bukatuko dute ibilbidea. Ludotekan ibili dira neska-mutikoak petoak egiten egunotan eta gertu izango dituzte gaur janzteko. Lekukoa zeinek eroan ez dute erabaki oraindik; izan ere, guztiek izango dute, metro batzuetan bada ere, eskuartean eroateko aukera. Antolatzaileek uste dute ordu erdi inguruan bukatuko dutela ibilbidea eta ondoren txokolate beroa eskainiko diete takarradan ibilitako guztiei San Migel plazan.

Afaria umore onean

Korrika Txikia ez da izango bihar, apirilak 3, egingo duten ekitaldi bakarra, bertso afaria antolatu du-eta Korrika Batzordeak. Guztira –ume eta heldu– 60 bat lagun elkartuko direla afaltzeko jakinarazi dute antolatzaileek, eta afalorduan Mañukorta eta Jokin Labayen bertsolariak izango dituzte lagun. Zalantza barik umore ona ez dute faltako mahaiaren bueltan. 


Korrikaren lekukoa, ostera, domeka goizean iritsiko da (07:13). Aurten aldapan gora egitea tokatzen zaie gatzagarrei eta sasoi onean egon beharko dute lekukoari jarraitu gura diotenek. Pasatutakoan gosaltzera joango dira, indarrak berreskuratzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak