Egitarauaren murrizketari jai gogoz egin diote aurre gatzagarrek jai nagusian

Goiena 2010ko ira. 6a, 12:08
Gatzagako jaiek eman dute onena, nahiz eta oraindik ez diren bukatu. Egubakoitzean etxafuego eta mezarekin hasi zituzten, eta gauean jende asko hurbildu zen ibarreko talde gazteen kontzertuak ikustera.

Zapatu eguerdian helduak eta umeak ziren nagusi. Eguraldia lagun, txikienak puzgarrietan eta uso-tiroan ibili ziren; Aretxabaleta, Arrasate eta Eskoriatzako guraso dezente hurbildu ziren. Gerora, Eriz magoak umeen arreta bereganatu zuen eta hainbat truku erakutsi zizkien.

Arratsaldean, gerizpean, karta-jokoan aritu ziren eta honako hauek eskuratu zuten txapela: briskan, Matilde Arrese eta Igor Abasolo; eta musean, Aretxabaletako Etxabe eta Iturrikastillo.  

Herri-afari jendetsua

Herri afarian jende asko batu zen eta jan ostean, mahaiaren bueltan jarraitu zuten Fermin  Valencia bakarlariarekin kantuan eta Jokin Labayen eta Manex Agirreren elkar zirikatzeekin disfrutatzen. Gauak luze jo zuen, gero bolo txapelketa izan zuten-eta.
Domeka mendi bizikleta ibilaldi jendetsuak hasi zuen eta herri kirolek jarraitu zioten. Ez hori bakarrik, arratsaldean ibarreko pilotari gazteek partiduak egin zituzten; eta bukaeran, Mauri Zubillaga pilota sustatzailea omendu zuten.

Udaleko Kultura Sailak aurreikusi baino herritar gehiagok parte hartu du jaietan

Leintz Gatzagako Udaleko Kultura zinegotzi Ainara Zubillagarekin egon ginen atzo, domeka, jaien gainean hitz egiteko. Zubillaga oso pozik zegoen jaiek izan duten parte-hartzearekin. “Aurten murrizketa handiak egin behar izan ditugu jaietako egitarauan; baina, hala ere, gatzagarrek gau eta egun parte hartu dute antolatutako ekitaldietan”. 
Horrez gain, Zubillagak zapatuko herri-afaria nabarmendu zuen: “Aurreko urteetan dantza-taldeak ekarri izan ditugu afarira, baina jendeak afal ostean alde egiten du. Aurten, berriz, bakarlari bat, bertsolariak eta trikitilariak ekarri ditugu; hala, lortu dugu mahaiaren bueltan oso giro ona egotea; oso ondo dago”. “Gainera, 150 lagunendako lekua egokitu bagenuen ere, 165 etorri ziren; eta hori Gatzaga moduko herri baten lorpen handia da”, gehitu zuen zinegotziak.
Bitxikeri moduan, Zubillagari galdetu genion plazan jarritako bigarren eskuko azokaren gainean. “Herriko hainbat gaztetxoren ideia izan da. 1st Lego League txapelketan parte hartzeko 700 euro behar dituzte, eta horren bila, etxeko trasto zaharrak saltzen aritu izan dira asteburuan zehar. Ondo daude halako ekimenak, herritarrek eurek egiten badituzte, are eta gehiago”.


Egitaraua

7, Martitzena

  • 19:00 Bederatziurrenaren bukaera Eskoriatzako abesbatzarekin. Ondoren gazta mokadutxoa Dorletako santutegian.  

8, Eguaztena

  • 11:00 Otxandioarrei harrera Dorletan.
  • 12:00 Meza nagusia Eskoriatzako abesbatzarekin
  • Dorletan.

11, zapatua

  • 14:30 Erretiratuen bazkaria.            

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak