Dorletako Amaren urteurrenean esango dute denboraldiko azken meza

Mirari Altube Arrese 2009ko urr. 23a, 14:21
Etzi, urriak 25, ospatuko dute uda sasoiko azken meza Dorletako santutegian. Gainera, 51 urte beteko dira egun horretan txirrindularien zaindari den Dorletako amabirjina koroatu zutela.

Gatzagako meza guztien ardura Arantzazutik etortzen den Martin Mendizabal fraide frantziskotarrak dauka eta Domu Santu egunean hasi, azaroak 1, eta maiatzaren 1a bitartean San Milixan parrokian esango ditu (12:30).

Sei ezkontza bakarrik aurten

Dorletako Amaren irudia gordetzen duen XVII. mendeko santutegi txikiak ezkontza asko hartu izan ditu. Azken urteotan, baina, poliki-poliki jaitsi egin da kopurua eta aurten sei bakarrik ospatu dituzte bertan, irailean azkena: "Sasoi baten urtean 30etik gora ospatzen ziren, baina gero eta gutxiago datoz. Datorren urterako ere oso bikote gutxik hartu du lekua", jakinarazi du santutegiko kontuen ardura duen Tere Aranburuzabalak.
Ezkontzek behera egin arren beste era bateko ospakizunek egin dute gora eta orain zilarrezko eta urrezko ezteiak ospatzera datoz bikote eta familia asko Dorletara.

Amabirjinaren urteurrena

Txirrindularien zaindaria da Dorletako Ama eta domekan hain zuzen beteko dira 51 urte koroatu zutela, 1958ko urriaren 25ean. Iaz egin zituzten urteurreneko ospakizunak Txirrindularitza Batzordeak eta Udalak antolatuta, baina aurten ere hainbat txirrindularik izango dute gogoan eguna. Hala, Gasteizko txirrindulari talde batek bisita iragarri du domekarako eta hurrengo zapatuan, hilak 31, Legutiokoak etorriko dira: "Halakoetan lore eskaintza egiten diete amabirjinari, eskerrak eman eta babesa eskatzeko", dio Aranburuzabalak. Arlaban gainean dagoen irudiak ere lore sorta asko jasoko ditu egunotan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak