Dorletako Amaren 50. urteurreneko ekitaldiak antolatzen dabiltza

Mirari Altube Arrese 2008ko ira. 26a, 12:15

Martitzenean elkartu ziren Txirrindularitza Batzordeko kideak eta Eusebio Villar alkatea Dorletako Amaren urteurrena zelan ospatu erabakitzeko. Gaur, irailak 26, bigarren batzarra egingo dute kontuak lotzen joateko.


Urriaren 26an ospatuko dute Dorletako Amabirjinaren 50. urteurrena, hilabete barru hain zuzen. Badakite Bizkaiko txirrindulari talde batek ekitaldiren bat egiteko interesa duela, eta ekitaldi horiek eta herrikoek antolatutakoak zelan bateratu pentsatu behar dute. Meza esango dute egun horretan Dorletako Amaren santutegian, eta ondoren zikloturisten topaketa egingo dute santutegi aurrean. Oraindik ekitaldiak ez daude lotuta eta gehiago ere izan daitezkeela esan digu Jose Inazio Beloki kideak, baina aipatutako biak izango dira garrantzitsuenak.

Hasiera baten zikloturisten martxa antolatzea aipatu zuten Txirrindularitza Batzordeko kideek, Arrasatetik Dorletarainokoa hain zuzen, baina azkenean halakorik ez da izango: "Martxa bat antolatzeak lan handia eskatzen du: errepidea itxi behar, baimenak eta laguntza eskatu behar ertzainei… eta halako kontuetan ez sartzea erabaki dugu", dio Belokik.
Hilabete bakarrik geratzen da ospakizunerako, horregatik laster hasiko dira gonbidapenak bidaltzen Euskal Herriko zikloturisten elkarteei, bereziki Debagoienekoei eta Araba aldekoei: "Gasteiz inguruan elkarte asko daudela badakigu eta gainera, interesa daukatenak".

Txirrindularien zaindaria

Arlaban errepide ertzean dagoen Dorletako amabirjinaren koroatzea 1958ko urriaren 26an ospatu zuten, orduan Arrasateko parrokoa zen Jose Luis Iñarraren eskutik. Txirrindularien zaindaria izatea proposatu zuten, eta hiru txirrindulari Erromara (Italia) joan ziren bizikletan eskaera egitera. Juan XXIII Aita Santuak audientzia berezian hartu zituen hiru txirrindulariak 1960ko abuztuaren 8an. Gaur egun txirrindularien zaindari unibertsala da Dorletako Ama.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak