Dorletako Ama taldeak aurkeztu ditu denboraldian arituko diren txirrindulariak

Miren Arregi Amasorrain 2010ko ots. 28a, 17:33
Guztira 32 gazte arituko dira Dorletako Aman; Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Aramaiokoak. Zapatuan Gatzagan aurkeztu zituzten errepideko txirrindularitzan arituko diren infantil, kadete eta jubenil kategoriatako taldeak; mendi bizikletan arituko direnak eta ziklo krosean arituko dena.

Dorletako Amari lore eskaintza egin ostean eta haizetearen lehen ufadek Gatzaga astintzen zuten bitartean egin zuen denboraldi berriko taldeen aurkezpena Dorletako Ama txirrindulari taldeak. Horrek esan gura du oraingo urtean taldea ordezkatuko duten txirrindulariak ezagutzera eman zituztela.

Nahiz eta 32 lagun diren denboraldian taldean arituko direnak, ez dute nahi bezain beste txirrindulari: "Infantil mailan nahiko eskas gabiltza, izan ere, bi lagun bakarrik ditugu taldean. Ez dira garai onak txirrindularitzarentzat; oso zaila egiten zaigu jendea aurkitzea" esan zigun Gatzagako txirrindulari taldeko lehendakari Isaac Kortabarriak. "Mendiko bizikletako taldea osatuta dago, baina errepideko txirrindularitzan geroz eta jende gutxiago dago" gaineratu zuen. Mendiko bizikletan eta errepidean jubenil eta kadete mailatan emaitza onak aurreikusten dituzte arduradunek.

Batzorde berria
Berrikuntzak ere iritsi dira taldera, izan ere, batzordea guztiz berritu dute. "Aurtengo berritasuna batzorde aldaketa da; saiatuko gara lana ahalik eta ondoen egiten. Lan handia izango dugu babesleak bilatzen, beste batzuen artean" jakinarazi zuen Kortabarriak. Izan ere, Gatzagako taldeak iaz baino bi babesle gutxiago izango ditu aurten. Urte askoren ondoren jarraituko dutenak taldea babesten dira, Alejandro Altuna, Lizarralde Kirolak, Grupo SEIN eta CDR. 

Zapatuan taldeak aurkeztuta, infantilak izan ezik, beste talde guztiak datorren astean izango dute euren lehen erronka Beasainen. Hain justu zapatuan zuten lehen proba bertan behera geratu zen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak