CHC Energiaren bitartez jasoko dute argindarra herrian

Mirari Altube Arrese 2009ko eka. 5a, 12:40

Herritarren artean argindarra banatzen duten enpresek hainbat aldaketa izango dituzte uztailaren 1etik aurrera. Horien artean Leintzargi dago, gatzagarrak argindarrez hornitzen dituena.

Orain arte Iberdrolari erosi dio argindarra Leintzargik eta gero banatu herritarren artean. Uztailaren 1etik aurrera, baina, argindarraren hornidura, elektrizitatea komertzializatzen duten enpresek egingo dute. Udalaren asmoa da Leintzargik jarraitzea argindarra banatzen eta horretarako CHC Energia izeneko enpresari utzi dio komertzializazioa. CIDE –Energia elektrikoaren banatzaileak– kooperatibako bazkide egin da Leintzargi eta CIDEk Hidrocantabrico enpresarekin batera sortu du CHC Energia.


Uztailaren 1ean indarrean sartuko den legearen arabera herritarrek argindar hornitzailea aukeratuko dute. Aldaketen eta aukera horien berri emateko gutuna bidaliko du hil honetan Udalak etxeetara. Hiru aukera izango dituzte herritarrek: norbere kontura adostutako prezioan kontratua egitea enpresa komertzializatzaile batekin; Espainiako gobernuak izendatutako azken errekurtsoko bost enpresetako batekin egitea kontratua; eta CHC Energia enpresarekin egitea. Aldaketarik egiteko eskatzen ez duten herritarrek CHC Energiaren bitartez jasoko dute argindarra.

Zalantzak

Eusebio Villar alkatearen esanetan oraindik ez dute nahikoa argibide kontu honen gainean eta aldizkari ofizialean argitaratu artean zaila izango da askoz gehiago jakitea: "Legeak ez ditu kontuak garbi esaten; arazoen eta aldaketen berri behintzat ezer gutxi dakar". Hori bai, herritarrei guztiaren berri ematen ahaleginduko direla gaineratu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak