Bidegorriaren gaineko kezkak bideratuko dizkiote Aldundiari

Mirari Altube Arrese 2008ko uzt. 23a, 14:05
Kezkatuta dago Udala bidegorriaren proiektuarekin, eta azken hilabetean behin eta berriz aztertu ditu planoak eta proiektua bera. Aldundiak egindako ibilbidea ez dute gustuko hainbat arrazoiengatik, eta beste aukera batzuk aztertu eta proposatuko ditu Udalak. Abuztuko oporrak hartu baino lehen bidali gura dizkiete proposamenok dagokien ordezkariei.

Proiektuaren arabera sasoi bateko trenbidea aprobetxatuta egingo dute bidegorria Gatzagako lurretan. Baina Udalak dio baserrietara doan bide bihurtuta dagoela toki batzuetan trenbidea, Goierri auzoan esaterako. Hortaz, zer gertatuko litzateke bide horiekin? Bestalde, egindako proiektuan ez dute aurreikusi ibilbidea Gatzaga herritik pasatzea. Horregatik Eusebio Villar alkateak behin eta berriro esan du Leintz bailarakoendako bai, baina gatzagarrendako ez dela izango bidegorri hori, automobila hartu beharko dutelako Gatzagainera joan eta bizikletan ibiltzeko. Horren guztiaren aurrean planoei begira egon dira azken asteotan, eta beste bi aukera aztertzen dabiltza.

Badakite aldapa handiak daudela Gatzagako lurretan eta horrek zaildu egiten du konponbidea. Gainera, biderik ez dagoen lekuetan errepidera irten beharko lukete txirrindulariek eta hori ere ez da aukerarik egokiena. "Gatzagako arazoen berri emateko asmoa daukagu, beste aukera batzuk azter ditzaten proiektua egin dutenek. Baina  edozein erabaki hartu aurretik baserritarrekin berba egin beharko genukeela uste dut", esan digu alkateak. Goierri auzoko baserritar batzuen iritziak jasotzen ibili da Villar –nahiz eta era ofizialean ez izan– eta esan diote ez dutela gustuko txirrindulari gutxi batzuk pasatzeko lurrak kendu behar izatea eurei.

Turismorako aukera polita

Kalteekin batera badakite onurak ekar ditzakeela bidegorriak: "Turismoari begira aukera polita izan daiteke, jende gehiago etorriko litzatekeelako", dio Villarrek. Hala ere, ez daude seguru zenbateko onura izango litzatekeen, jendetza kopuru handiak hartzeko ez dagoela gertatuta Gatzagain ingurua uste dute eta: "Komunak beharko lirateke, eta aparkalekuak ere bai; baita garbitasun lanak egiteko jendea ere".

Behin Foru Aldundiari kezkak agertuta, erantzunaren zain geratuko dira Gatzagan. Baina udazkena baino lehen ailegatzea zaila izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak