Aldundiak egindako bidegorriaren proiektua ezagutu aurretik onartu zituen Udalak bi iradokizun irailean egindako osoko bilkuran: batetik, orain dauden bideak errespetatzea, eta bestetik, Gure Ametsa jatetxe inguruan eginda dagoena errespetatzea. Proiektua bidaltzeko eskatu eta eskuartean izan zuenean, aurreikuspenik txarrenak bete ziren. Batez ere bi kontuk kezkatu zuen Udala. Batetik, Gatzagainen, Gure Ametsa jatetxe inguruan, proiektuak ez zuela errespetatzen sasoi bateko trenbidea. Haren ordez, Gure Ametsatik 200 bat metrora dagoen telefono antenara egindako bidea hartu zuten erreferentzia eta bertatik jarraipena egin. Baso aldetik joatea bidegorria gura zuen Udalak eta proiektuak, ostera, Gure Ametsara ekartzea proposatzen zuen.
Eskaerak bideratuta
Hori baino larriagoa zen kontua zegoela konturatu zen orduan, Udala: bidegorriaren ibilbidea ez zela pasatuko herritik. Eskoriatzatik etorriko den bidegorriak, Marin auzotik Gatzagainera egingo du, herria ukitu barik. Horregatik gatzagarrendako beharrean Debagoienako gainerako herritarrendako izango dela bidegorria uste du Udalak, eta horrekin ez dagoela batere konforme jakinaraztera joan ziren Aldundira, abenduan.
"Errepide saileko arduradunekin elkartu ginen, bidegorriaren eta beste kontu batzuen gainean jarduteko. Esan ziguten bidegorriaren ardura beste departamentu batek zeukala eta egindako txostena bertara bideratuko zigutela", argitu du Eusebio Villar alkateak. Hala, Gatzagako Udalaren kezkak eta iradokizunak Aldundiko teknikariek dauzkate, eta erantzuna noiz iritsiko zain daude orain, Gatzagan.
Behin betiko proiektua oraindik ez dago onartuta, hortaz, alkateak uste du larritzen hasteko kontua ez dela. "Ez dakigu noiz onartuko duten, baina jakina, aldaketok onartu aurretik egin beharko lituzkete. Itxaropena sekula ezin denez galdu gure eskaerei kasu egingo dietela pentsatu gura dugu".