Apirileko azken astean hasi zituzten lanok eta zortzi astetan bukatuta egongo zirela iragarri arren atzeratu egin dira. Eskoriatzako Razkin eraikuntza enpresa dabil lanok egiten eta atzerapenaren arrazoia da teilatuaren egitura egiteko behar dituzten egurren zain egon direla. Dagoeneko ailegatu dira egurrok eta langileek berriro ekin diete lanei.
Lan guztiak ezin egin
Gatz museora bidean dagoen Santa Kolunba ermita elizaren eskutik hartu zuen Udalak. Egoera kaskarrean zegoen eta Espainiako gobernuaren Estatu Fondoko dirulaguntzari esker dabiltza konpontzen teilatua –44.000 euroko aurrekontua–.
Udalaren asmoa da Eugenio Otsoa gatz museoko harrera gunea jartzea bertan. Horretarako, baina diru gehiago behar du, teilatua bakarrik konponduta ez delako erabilgarri geratuko ermita. Konponketa lan horiek atzera utzi barik egin gurako lituzke Udalak, baina horretarako beste dirulaguntzaren bat beharko du. Eta Eusebio Villar alkateak zaila ikusten du aurten egin ahal izatea lan horiek.