Behin betiko onartu dute Udal aurrekontua eta Leintzargik 78.000 eurokoa izango du

Mirari Altube Arrese 2009ko mai. 5a, 14:27
Otsail bukaeran onartu zuen Gatzagako udalbatzak aurtengo Udal aurrekontua baina joan zen astean argitaratu zuten behin betikoa. 413.984 euroko aurrekontua dauka Udalak eta horietatik 109.000 euro pertsonal gastuak ordaintzeko izango dira. 223.300 euro ondasun arrunten erosketetarako erabiliko dituzte eta 33.600 euro inbertsioetarako.

Udalak argindarra banatzeko enpresa dauka sortuta, Leintzargi SL, eta horren aurrekontua 78.000 eurokoa da. Hortik 66.000 euro argindarra eta ondasun arruntak erosteko erabiliko ditu eta gainerako 12.000 euroak inbertsioak egiteko. Hain zuzen, iaz hasi eta aurten bukatu dituzte transformadore berriaren lanak.

Bi diru-kontuak bateratuta Gatzagako Udalak 491.984 euroko aurrekontua dauka 2009rako, horietatik 45.600 euro inbertsioak egiteko.

2008a zorrik gabe itxita

Aurrekontu hori osatzeko diru sarrerarik garrantzitsuenak transferentzia bitartez jasoko ditu, 239.500 euro hain zuzen, tasak kobratuta 131.400 euro eta zerga bitartez, 45.500 euro. Udal ordezkariak kexatu izan dira herri txikia izanda diru gutxi dutela, batez ere inbertsioetarako. Espainiako Ekonomia eta Ogasun Ministerioak apirilean argitaratutako datuen arabera Leintz Gatzaga da 2008a zorrik gabe itxi zuen ibarreko udal bakarra. Finantza kredituak, errenta finkoko baloreak eta transferitutako maileguak hartu zituzten kontuan datu hori emateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak