Irailaren 15ean bukatu zen eskaintzak egiteko epea eta bakarra jaso zuten udaletxean. Gatzagan bizi diren Amaia Olabe eta Xabier Jausoro aretxabaletarrek egin dute mendi etxeak kudeatzeko eskaera.
Eskaintza zabaldu zuen udalbatzak martitzenean eta aurkeztutako dokumentuak aztertu. Egindako eskaintza onartzea erabaki du Udalak, baina oraindik behin behineko onarpena da. Dokumentu gehiago aurkeztu behar dituzte Olabek eta Jausorok –fidantza…– eta eguaztenean hasita 15 egun dituzte. Epe hori pasatutakoan udalbatzak berriro aztertuko ditu aurkeztutako agiriak, eta behin betiko onartzeko osoko bilkura egingo du. Onartuz gero kontratua sinatuko dute eskatzaileek, eta Gaztainuzketan dauden zazpi mendi etxeen ardura hartuko dute lau urterako. Epe hori pasatutakoan berrikusi egingo du kontratua Udalak, eta arazorik egon ezean 20 urte arte luza dezake.
Egurrezko zazpi etxetxo
Gaztainuzketa Arlaban gainean dago, basoaren erdian. Lo egiteko egurrezko zazpi etxetxo ditu erosotasun guztiekin hornituta, tartean sukaldea. Jatetxe txiki bat ere badauka. Eta gainera, arduradunak bertan bizitzeko tokia dauka. Turismoa bultzatzeko egin zituen Udalak bere garaian, eta ondoren lehiaketara atera. Etxeen ardura Montse Valerio eta Loren Larrañagak izan dute azken 12 urteotan aurtengo abuztua arte. Orain Soran Etxea hotela zabaldu dute herrian.