Urteko batzarra egin zuen erretiratuen elkarteak martxoaren 15ean, eta zuzendaritza batzordea berritu du halakorik iragarrita ez egon arren. Anjel Aranburuzabala presidente ordeak eta Maritxu Plazaola kideak utzi egin dute batzordea, eta horien ordez beste bi lagun sartu dira: Jabier Aldabe eta Tere Aranburuzabala. Zein ardura izango dituzten sartu berriek oraindik ez dute erabaki, eta horretarako batzarra egingo dute aurrerago.
Elkarteko presidente izaten jarraituko du Pedro Mari Elkorobarrutiak, eta idazkari eta diruzain lanak egingo ditu Juan Mari Makazagak. Dagoeneko bederatzi urte beteko ditu lan horietan Makazagak, baina beste urtebetez gutxienez jarraitu egingo du hala eskatu diotelako. Pantxi Ibartzabalek ere batzordean jarraituko du.