Baserrietara dauden sarrerak konpondu gura ditu Udalak

Mirari Altube Arrese 2008ko urr. 3a, 13:11
Gi-3310 errepide nagusitik Gatzagako hainbat baserritara dauden sarrerak ez dira batere seguruak. Arazoaren berri eman zuten Aldundian, eta hilabete honetan bertan berriro elkartuko dira gaiak aurrera egin dezan. Hala ere, Errepide Saileko ordezkariekin elkartu aurretik baserritarrekin egingo du batzarra alkateak hainbat erabaki adosteko.

Errepide ertzean dauden baserri batzuetako sarrerak ez daude behar bezala: batzuek automobilarekin maniobra egiteko oso leku gutxi daukate eta beste batzuek ikuspen txarra. Halako lekuetan segurtasuna ez dago bermatuta eta sarrera eta irteerak oso arriskutsuak izaten dira.
Bideen kontua Foru Aldundiko Errepide Sailari dagokionez hara jo zuen alkateak laguntza eske, eta dagoeneko proiektu txiki batzuk eginda dituzte: "Gu eskaera batzuekin joan ginen, eta eurek eman diguten erantzuna ez da guk aurreikusita geneukana. Horregatik, aste honetan bertan batzarra egingo dugu baserritarrekin eta Aldundiak proposatutako proiektuak erakutsiko dizkiegu. Han jasotako erantzuna eroango dugu gero Errepideko ordezkariengana", jakinarazi digu Eusebio Villar alkateak. Hainbat zalantza ditu alkateak Aldundiaren proiektuekin, eta ez du uste baserritarrek ere hala-hola onartuko dituztenik.

Gatzagainen ikuspen txarra

Baserrietara doazen sarrerez gain beste puntu arriskutsu bat ere badago Gatzagan: Gatzagain. Gainera, automobil asko ibiltzen da sartu eta irten; batetik, jatetxea dagoelako eta bestetik, menditik egurra ateratzen duten kamioiak pasatzen direlako. Ikuspen arazo handia dago Gatzagainen, eta errepide nagusitik pasatzen diren automobilak abiada handian egiten dutenez puntu oso arriskutsua da. Hori konpontzeko mendi zati bat kentzea proposatu dute. Orain ikusi egin behar baserritarrek onartzen duten.

Dominagara bidea eginda

Udalak iaz ere jaso zuen Aldundiaren laguntza eta pozik geratu zen emaitzarekin. Arlabango errepidetik Dominaga baserrira doan bide sarrera eta bidea bera konpondu zizkion –ormigoia bota eta abereendako pasabidea egin–. Lanek 152.377 euroko aurrekontua izan zuten, eta orain dela hilabete inauguratu zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak