Baserriak hainbat bizitzatan banatzeko aukera ikusgai

Mirari Altube Arrese 2008ko abenduaren 12a

Baserriak hainbat etxebizitzatan banatu ahal izateko arau subsidiarioaren aldaketa proposatu zuen Udalak urriko osoko bilkuran eta behin behineko onarpena egin zion. Herritarrek ikusgai izango dute aldaketa urtarrilaren 2a arte, alegazioak aurkezteko.

Baserriei eragiten die arau aldaketak, eta onartuz gero baserriak bi etxebizitzatan banatu ahal izango dituzte jabeek. Eta baserriak 200 metro koadro baino gehiago baditu, baita hiru etxebizitzatan ere. Hori bai, etxearen egitura ezingo dute ukitu banatzerakoan, eta garaiera ere ezingo diote aldatu. Aldaketa horren arrazoia da gazteei herrian bertan geratu ahal izateko aukera eskaintzea. Gainera, baserri askotako bizilagunak gero eta nagusiagoak dira, eta etxeari aldaketak egin gura izaten dizkiotela esan digu alkateak: "Eskaileratan gora eta behera ez ibiltzeko beheko solairuan egiten dute logela bat; hala, nagusienek bertan egiten dute bizimodua".

Arau subsidiarioaren aldaketa aurreko agintaldiko udalbatzak proposatu zuen iazko maiatzean. Orduan, baina, behin betiko onartu barik utzi zuten –Arlabango plan berezia legez– eta orain onartu gura du Udalak. Alegazioak egonez gero aztertu egingo ditu lehenengo eta kontuan hartuko dituen edo ez erabaki gero. Ondoren behin betiko onartuko du aldaketa.

Bestalde, abeltegia jarri gura izanez gero, baserri batetik bestera egon beharreko gutxieneko distantziak onartu zituen Udalak, Aldundiak zehaztutakoak hain zuzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak