Ihesaldi saiakerak
Euri langarrarekin hartu dute irteera 23 urtez azpiko eta elite mailako 119 txirrindularik. Aurretik, Debagoieneko errepideetan egiteko 119 kilometroko ibilbidea zuten. Euria egiten zuen arren lasterketa azkarra izan da, hasieratik ihesaldi saiakerak egon dira-eta. Gatzagatik Bergara aldera hartu dute, eta 13. kilometroan erorikoa egon da tropelaren hasieran. Ondorioz, Bidelan-Kirolgi taldeko Alain Gonzalez Debagoieneko Ospitalera eroan dute. Zauri larririk ez zuela ikusirik, berehala hartu du sendagileek emandako alta.
Bitartean, tropelean lehen ihesaldi saiakerak egon dira. 30. kilometroan zilklista talde batek ahalegina egin du, eta 35. kilometroan beste txirrindulari batzuk; baina, biak ala biak, ezerezean geratu dira.
Tropelak Gatzagako mendatea igo du bigarren aldian, 83. kilometroan, sortu da bukaerara arte mantendu den ihesaldia; hain zuzen, Hernanek, Tamayok eta Ferrarik aurrera egin dute. "Taldea sortu dugunean erreleboka hasi gara, ihesaldia amaieraraino mantendu guran, eta lortu dugu. Lehen aldiz egin dut Gatzagako proba, eta gogorra baina polita dela iruditu zait", esan digu irabazleak. Azpiru Ugarte taldeko hirukotearen atzetik, 13 segundoko atzerapenarekin, talde bereko Cristian Castro helmugaratu da. Azpiru Ugarte taldeak egindako lanak merezitako saria izan du bukaeran; izan ere, lehenengo hiru sariez gain, taldekako eta mendiko sariak eskuratu dituzte. Azken hau, Fabrizio Ferrarik lortu du. Era berean, Euskaldun txapelketako liderra izategatik ikurrinaren koloreak dituen maillota jantzi du Gatzagako frontoian.