Izena emateko baldintza bakarra dago: Gatzagan erroldatuta egotea. Eskaera egin duten horien artean egingo dute ondoren zozketa, baina izenemate epea bukatu arte ez dute zehaztuko zein egunetan. Zozketa jendaurrean egingo dute urtero legez; hortaz, aurrez iragarriko du Udalak noiz izango den.
Eskaerek behera
Egurraren eskaera kopurua zenbatekoa den jakindakoan basozainak lursailak gertatuko ditu Gatzagako mendian, eta zenbat egur har dezaketen zehaztuko du. Zozketa egindakoan, ostera, bakoitzari zein lursail tokatu zaion jakingo dute eskatzaileek, eta bertara joan beharko dute egurra moztu eta gertatzera, gero etxera ekartzeko. Azken urteotan eskaera kopuruak behera egin duela herrian jakinarazi dute udaletxean; izan ere, lan handia eskatzen du basoan dagoen egur horrek, nahiz eta garestia ez izan. Prezioa Aldundiak ezartzen du.
Udalak eta Foru Aldundiak elkarlanean egiten diete jarraipena Gatzagako mendiei eta zeinek duen egurra kendu eta garbitu beharra zehazten dute. Urtero egiten den lana da eta basoa txukun mantentzeaz gain, biziberritzeko izaten da.