Aurrekontuak eta Arlaban gaineko behin behineko plana onartuta

Miren Arregi Amasorrain 2009ko ots. 27a, 12:18
Onartu dituzte Gatzagan 2009ko udal aurrekontuak. 413.000 euro pasatxo bideratuko dira aurrekontuetara, horietatik 36.000 inguru inbertsioetara. Aurrekontuez gain, Arlaban gaineko planaren behin behineko proiektua onartu zuten eta bestetik, 200 metro koadro baino gehiagoko baserriak hirutan banatzeko aukera ere onartu zuten osokoan.

36.000 euro horiekin, baserrietarako bide sarrerak zabaldu, eta lur sail bat erosiko ditu udalak. Aktuazio gehiagorako ez du ematen diru horrek, eta gatzagako udala, herri txikia izanik eta are gehiago krisi egoeran, ez dago batere egoera ekonomiko onean.

2009ko aurrekontuak onartu ziren, udal gobernuan dauden kide guztien aldeko botoarekin.

Arlabango plana izan zuten gero mintzagai. Dakizuen moduan, Arlaban gaineko 45 hektarea planifikatzeko proiektua herritarrei aurkeztu zitzaien joan den azaroan, eta 45 eguneko epea zabaldu zuten alegazioetarako. Herritarren alegazioak jaso ostean, aldaketa batzuekin, onartu dute behin behinekoz gatzaga gaineko plana. Hain justu, aldaketa horiek dira gune horretan aisialdira bideratuko den lur eremuan ezingo dela ezer eraiki eta bestetik, gune eraikigarrietan etxebizitzen altuera 7 metrotik 8 eta erdira pasatzea. Beraz, eraikinek, hiru solairu eduki ahalko dute atzo onartutakoaren arabera.

Arlaban gainean etorkizunean etxebizitzak eraikitzeko nahia ere badute Gatzagan, baina, horretarako, herriko plan orokorra aldatu behar da lehenik eta hori ez da hain erraza, izan ere, arazo serioagoak ere badituzte herrian. Alkateak dio, herria mugitzen ari dela, eta lurrak beherantz egiten duela, eta plan orokorra aldatu aurretik, ikerketa geotekniko bat egin beharko litzatekeela, herriaren egoera jakin eta eraikigarri diren gunean zeintzuk diren ikusteko, beste batzuen artean.

Azkenik, atzoko osokoan onartu zuten beste neurri bat da, baserriak hainbat etxebizitzatan banatu ahal izateko aukera. Onartu zuten, baserriak bi etxebizitzatan banatzea, eta 200 metro koadrotik gora dituztenak hirutan ere banatzeko aukera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak