Astelehenean zabalduko dituzte ludoteka eta liburutegia

Mirari Altube Arrese 2007ko urr. 4a, 17:20
Astelehenean, urriak 8, jarriko ditu abian ludoteka zerbitzua eta liburutegia Gurel guraso elkarteak. Ordutegi aldaketarekin datoz biak, ume eta gazteen beharrei hobeto erantzuteko.

Astelehenetik egubakoitzera bitartean zabalduko dituzte Garro jauregian dauden ludoteka zein liburutegia. Joan zen ikasturtean izan zuten begiraleak jarraituko du Gatzagako umeekin, Alazne Diaz aretxabaletar gazteak. Aurten, baina, guraso elkarteko kideek erabaki dute ordutegia aldatu eta ordu bi eskaintzea ludotekari eta bakarra liburutegiari. Hala, 16:30etik 17:30era, txikienenendako egongo da zabalik eta 17:30etik aurrera nagusiagoendako.

Liburutegian, ikastaroak
Liburutegia 18:30ean zabalduko dute, eta zela erabili erakutsi gura diete umeei aurten. Liburuak bertan ikusi, irakurri eta erabili bai, baina etxera eroan eta jarritako epean itzultzen ikas dezaten gura dute Gureleko kideek.

Gainera, liburutegian pasatuko duten orduari probetxu handiagoa ateratzeko asmoarekin hainbat ekitaldi antolatu gura dituzte ikasturtean zehar. Ikastaroak egitea pentsatu dute: pintura ikastaroa, argazkigintzaren gainekoa edo sor daitezkeen beste hainbat. Eta lehiaketak ere bai.

Urteko kuota
Gureleko kideek jakinarazi gura dute ludotekako zerbitzua erabiltzeko ez dagoela elkarteko bazkide izan beharrik, nahikoa da ikasturteko kuota ordaintzea. Bestalde, liburutegira edonor joan daiteke zabalik dagoenean, umea izan edo ez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak