Artisauen lanak ikusgai, San Milixan egunean

Mirari Altube Arrese 2007ko aza. 9a, 11:48
Domekan, hilak 11, ospatuko dute San Milixan eguna, Gatzagan. Artisauen lanaren inguruan antolatzen dute jaia, eta ikuskizuna eta azoka elkartuko dituzte aste bukaera guztian.

Gaur, egubakoitza, hasi eta domeka eguerdira bitartean txotxongilo erakusketa izango da Garro jauregiko lehen solairuan. Hondarribiko Menina tailer entzutetsuko artisauen txotxongiloak eta panpinak izango dira ikusgai. Hona ordutegia: gaur, 17:00etan, inauguratze ekitaldia; zapatuan, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara; eta domekan, 10:00etatik 14:00etara.

Bihar arratsaldean eta domeka goizean, gainera, zeramika tailerra jarriko dute San Migel plazan dagoen lokal baten. Buztina lantzeko aukera izango dute ume zein helduek.

Artisauen lanak

Artisau azoka izango da domekako protagonista. 10:00etan hasi eta 14:00ak bitartean zer ikusi eta zer erosi ugari egongo da pilotalekuan. Bitxiak, otarrak, euskal zeramikazko ontziak, jostailuak, ehoziriak, tapizak, zetazko jantziak pilotak eta beste asko ekarriko dituzte.
Ander Ugarte artisaua Donibane Lohitzunetik (Lapurdi) etorriko da pilotak zela egiten dituen erakustera. Pilotari profesionalendako pilotak egiten dituen Punpa tailerreko kidea da Ugarte, eta hainbat eratako pilotak ekarriko ditu. Vianatik (Nafarroa) etorriko diren artisauek, ostera, 60 metroko soka lodia egingo dute. Eta urtero legez, Sorginak elkarteko emakumeek taloak egingo dituzte goiz pasa doazenendako eta bazkaria etorritako artisauendako.

Aparkalekua, gatzagainen

Bisitariek, aurten, ezingo dute herrian aparkatu, zirkulazioa hobeto bideratzeko asmoz. Gatzagain eta Gure Ametsa jatetxeetako aparkalekuetan utzi beharko dituzte autoak. Eta autobusa ibiliko da joan-etorrian goiz guztian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak