Artisauek 15 postu jarriko dituzte eta beira puztuaren erakusketa egongo da

Jasone Zabala 2008ko azaroaren 13a

Domekan ospatuko dute San Milixan eguna Gatzagan. Artisauen inguruan antolatzen dute jaia eta aurtengoa izango da XVI. edizioa. Aurten egun bateko jaia izango da eta ez hiru egunetakoa "ez baitzen jende askorik hurbildu pasa den urtean lehen bi egunetan", adierazi digun Ainara Zubillaga kultura zinegotziak.

 

Artisauen lanak azokak

Artisau azoka 10:00etan hasiko da  eta 14:30ak bitartean zer ikusi eta zer erosi ugari egongo da pilotalekuan; guztira 15 postu inguru egongo dira: bitxiak, otarreak, euskal zeramikazko ontziak, jostailuak, tapizak, zetazko jantziak, pilotak besteak beste.
Jose Ramon Salmanton zallarrak esaterako, saskigintzan egiten du lan eta saskiak nola egiten diren erakutsiko du domekan. Bilboko Urbelak, bestalde, zura erabiliz egindakoak ipiniko ditu ikusgai; besteak beste, kutxak, lanparak, ispiluak, argazki markoak, bitxiontziak egiten dituzte, dekoraziorako eta eguneroko bizitzan erabilgarriak diren gauzak egiten dituzte.

Beiragileen erakustaldia

Iruratik etorriko diren beiragileek, berriz, beira puztuaren erakustaldia egingo dute pilotaleku ondoan; beirarekin hainbat irudi ezberdin egingo dituzte. Horretaz gain, eta urtero legez, Sorginak elkarteko emakumeek taloak egingo dituzte bertara doazen guztiendako eta aritsauendako bazkaria ere prestatuko dute.  Egun hori prestatzeko egiten den lana handia da Ainara Zubillaga kultura zinegotziak adierazi digun bezala: "Egun hau prestatzeko lana handia da; hala ere, herriko Sorginak Emakumeen elkarteari eta herriko artisauei esker, lana denon artean banatzen dugu eta era horretan antolaketa erraztu egiten da" adierazi digu berak. Bisitariek aurten ere ezin izango dute herrian aparkatu, zirkulazioa hobeto bideratzeko asmoz. Gatzagain eta Gure Ametsa jatetxeetako aparkalekuetan utzi beharko dituztela autoak bertan hurbiltzen diren guztiek, autobusa ibiliko baita, joan-etorrian goiz guztian. 

Egitaraua

*Herriko pilotalekuan

Langintzen feria: bertan 15 postu egongo dira ikusgai; besteak beste, beira, bitxigintza, zeramika eta larrua.

*Pilotaleku kanpoan

Beira puztuaren erakustaldia egongo da Irurako Argia Badago enpresaren eskutik.

*Kultura etxean

Soinean taldeak garai bateko baserritarren hainbat jantzien erakusketa egongo da.

*Labidea dendaren ondoan

Xaboi naturalen tailerra egongo da Zegamako Garbi xaboi enpresaren eskutik.

 

Ekitaldi guztiak 10:00etatik 14:30era izango dira.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak