Arlabango ur hornikuntza eta saneamendu proiektua onartuta

Mirari Altube Arrese 2010eko uztailaren 22a

Landa Ingurunearen Garapenerako departamentuak Landagipuzkoa32 egitasmoaren bitartez banatuko dituen diru-laguntzen berri eman du astean eta Gatzagara ere iritsiko da laguntza hori. Arlaban gaineko planaren hornikuntza eta saneamendu proiektua da onartutakoa.

Arlaban gaineko plan berezia aurrera eroateko ur hornikuntzaren arazoa konpondu behar da lehenengo, eta egindako azterketek depositu baten beharra dagoela adierazi dute. Hala, onartutako diru-laguntzarekin depositu berria egin Gatzagain inguruan, behean dagoen depositutik ura bonbeatu gora eta saneamendu hodiak sartuko dituzte.

Proiektu horren inbertsioa 618.000 eurokoa da eta Aldundiak 450.000 euro inguruko diru-laguntza emango du.

Plan berezia onartzeko

Arlaban gaineko planak lur eremu hori arautu gura du, eta turismo eta aisialdiarekin zerikusia duten kontuetarako egokitu. Orain herrian dagoen Jakion enpresak ere bertan izan dezake kokalekua, handitze prozesu batek eskatuta. Hori guztia egin baino lehen, eta era berean, Gaztainuzketako mendi etxeen beharrak asetzeko ur hornidura bermatu beharra daukate. Hori egindakoan orain dela hainbat urte iragarritako plan berezia onartuko dute.

Aldundiak aginduta, Etorlurrek, hornikuntza eta saneamendu proiektuaren inbertsio plana egingo du. Era berean, plan horietan aurreikusitako inbertsioak gauzatuko ditu.

Bigarren proiektua

Landagipuzkoa32 egitasmoak Gatzagan finantzatutako bigarren proiektua da hori. Pilotalekuaren estalkia berritzea eta  ixtea onartu zuelako orain hilabete batzuk. Lan horiek herriko jaiak pasatutakoan hasteko asmoa daukate.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak