Arlabango plana azaltzeko batzarra egingo du Udalak azaroaren 19an

Mirari Altube Arrese 2008ko aza. 14a, 11:55
Orain dela hiru urte hasi ziren Arlaban gaineko plan berezia lantzen, aurreko agintaldiko udalbatza hain zuzen. Urtebete geldi egon da plana, eta orain behin behineko onarpena eman dio udalbatzak aurrera egiteko. Herritarrei eguaztenean, hilak 19, azalduko die planaren nondik norakoak.

Urriaren 28an egindako osoko bilkuran iragarri zuen Eusebio Villar alkateak aldaketak egin dizkiotela aurreko agintaldiko kideek aurkeztutako planari. Horretan jardun dute azken urtean, eta dagoeneko erakusteko moduan daukate. Hala, behin behineko onarpena egin ostean, herritarrei aurkeztu gura diete plan berria, eta iradokizunak egin eta alegazioak aurkezteko 45 egunetako epea izango dute. Izan ere, Udalak egindako aldaketekin batera herritarrenak jaso gura dituzte, ondoren aztertzeko.
Herritarrei eguaztenean, azaroak 19, aurkeztuko diete plana kultura etxean (18:30). Gainera, herritarren artean zalantza asko sortuz gero Udal ordezkariak gertu daude beste egun batean geratu eta azalpen zehatzagoak emateko arkitektoaren laguntzarekin.

Ostatuak eta aisialdia

Arlaban gaineko planean 458.000 metro koadroko lur eremua sartzen da. Baina horietatik 240.000 inguru gune babestuak izango dira. Alkateak adierazi du plan horrekin aurrez eginda dauden eraikinak –jatetxeak, ostatuak…– eta aurrera begira egin daitezkeenak –Jakion enpresaren egoitza berria, esaterako– arautzea dutela helburu.
Toledo taldeak egin zuen proiektua aurreko agintaldiko ordezkariek aginduta, eta ostatu eta aisialdirako gunea zehaztea zuen helburu, nekazaritza-turismoko jarduerendako tokia eginaz. Planean ondo baino hobeto zehaztu zuten zer eraiki daitekeen eta zer ez, eta ostatuekin batera aisialdirako gunea izan behar duela ezarri zuten orduan. 2008ko ekainean udalbatza berria osatu zuen taldeak, baina, hainbat aldaketa egin dizkio planari, eta orain herritarrei erakutsiko die.

Arau subsidiario aldaketa

Lurzoru hiritar ezinari dagokion arau bat aldatu gura izan zuten Arlabango plan bereziarekin batera iaz. Orduan, baina, ez zuten astirik izan eta orain, urriaren 28ko osoko bilkuran egin zion behin behineko onarpena udalbatzak. Horren arabera, herrian dauden 32 baserrietan bi etxebizitza egiteko aukera izango dute, baserriaren egitura ukitzen ez bada behintzat. Alkatearen esanetan, gazteak herrian geratzeko aukera gehiago izatea da aldaketaren helburua, eta ez daitezela etxe bila beste herri batzuetara joan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak