Eskoriatza eta Gatzaga arteko Arlabango errepidean, hau da, GI-627 errepideko 19,00 kilometro puntutik 27,00 kilometro puntura dagoen tartean, zuloak konpontzen dabiltza astean. Asfaltozko zoladura hondatuta duten guneak konpontzea dute helburu eta horretarako berotan estali dituzte zuloak. Betun nahasketa beroa zabaldu dute langileek zuloen gainean, 1.300 tona inguru. Horregatik errei bakarra dago egunotan zabalik Arlabanen. Aste Santu osterako iragarri zituzten lanok eta azkenean maiatzeko azken astean egin dituzte. Ezustekorik gertatzen ez bada behintzat, gaur, maiatzak 28, bukatuko dituzte.
Gatzagakoa ere konponduta
Orain Arlabango errepidea konpondu dute baina orain dela aste pare bat Gatzaga herrira doan bidea konpontzen ibili ziren. Maulandan hasi eta Gatzagainera bitartean dagoen errepide zatiko zuloak estali zituzten.
Eta bide sarrerak zabaltzen jarraitzen dute. Behin Olaungoa eginda Burdinkurtzekoa eta Arratekoa egingo dituzte.