Arlabanen dagoen Dorletako Amak 50 urte beteko ditu

Mirari Altube Arrese 2008ko mai. 15a, 12:48
Urriaren 25ean beteko du mende erdia Arlabango errepide ertzean dagoen Dorletako Amaren irudiak. Dorletako Txirrindulari Batzordeak, oraingoz, ez du ekitaldirik pentsatu urteurrena ospatzeko, baina Euskal Herriko txirrindulari batzorde batek zerbait antolatzeko asmoa agertu dio Udalari.

Hala izanez gero Udala gertu dago laguntzeko: "Batzorde baten izenean deitu ziguten ospakizunen bat egin gura zutela esanaz, baina ez dugu izan berri gehiago, eta egia esan, geuk ere ez dakigu zeinekin jarri harremanetan. Herriko Txirrindularitza Batzordea jakinaren gainean jarri nuen, eta orain ikusi egin behar zerbait egiten dugun urri inguruan", azaldu digu Eusebio Villar alkateak.

Izendapena erroman

50eko hamarkadan Italiako eta Frantziako txirrindulariek euren zaindariak izendatu zituzten. Hori horrela, Bilbo eta Gasteiz inguruko txirrindulari zale batzuek Espainiako txirrindularien zaindari Dorletako Ama izendatzea erabaki zuten. 1958ko urriaren 25ean jarri zuten Arlabango irudia, eta sasoi hartan Arrasateko parroko eta artzapeza zen Jose Luis Iñarrak egin zuen elizkizuna. Izendapena lortzeko Dorletako Txirrindulari Batzordea sortu zuten, eta gogor ekin zioten lanari. Hainbat eskaera egin behar izan zituzten: lehenengo Gatzagako parrokiari eta gero Donostiako gotzainari. Biek baietza eman zutenean Gipuzkoa eta Bizkaiko txirrindulari batzordeei proposatu zieten, eta ekimena bultzatzea erabaki zuten biek. Espainiako Txirrindulari Elkarteko arduradunekin berba egin zuten gero; baina oraindik urrunago joan beharra zegoen izendapena eskuratzeko: Aulki Santuaren adierazpen kanonikoa lortzera. Horretarako hiru txirrindulari Erromara (Italia) joan ziren bizikletan, eta Donostiako prelatuak emandako otoitzak eroan zituzten Errituen Kongregazio Sakratuarendako.

Juan XXIII Aita Santuak audientzia berezian hartu zituen hiru txirrindulariak 1960ko abuztuaren 8an, eta Espainiako Txirrindularien Elkartea ere bertan egon zen. 1973an onartu zituen  Espainiako Elkarteak estatutu ofizialak.

Maillotak ikusgai santutegian

Txirrindulariek estimu handia diote Dorletako Amari, eta Arlabango irudia lore sorta, kandela eta oroigarriz beteta egoten da beti. Txirrindulari askok euren maillotak eskaini izan dizkiote esker onaren seinale. Eta Dorletako santutegian mailloten erakusketa txiki bat dago, tartean izen handiko profesionalenak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak