Arlaban Gaineko Planari behin behineko onarpena eman dio osoko bilkurak

Txomin Madina Milikua 2008ko urriaren 29a

Egin berri duten azken ohiko osoko bilkuran Landagipuzkoa32 egitasmora aurkeztuko dituzten proiektuak ere onartu dituzte: Arlaban Gainera ura eroatea eta baserrietako sarbideak konpontzea.

Duela hiru urte hasi ziren Udalean Arlaban Gaineko Plan berezia lantzen, baina urtebetean geldi egon ostean, behin behineko onarpena eman diote azken osoko bilkuran.

458000 metro koadroko lur eremua sartzen da Planean, eta horietako 240000 inguru gune babestuak izango dira. Eusebio Villar alkateak adierazi duenez, plan honekin aurrez eginak zeuden elementuak (jatetxeak esaterako) eta aurrera begira egin ahalko direnak (Jakion enpresaren egoitza berria) arautzea da helburua.

Udalaren asmoa da, Planaren behin betiko onarpena ahalik eta azkarren egitea da, hala Jakion enpresa Planaren arabera izango duen gunera mugitu ahal dadin. Horretarako baina, lehenengo alegazioen txanda izango da, eta horretarako, teknikari batzuk joango dira herrira Plana azaltzeko.

Arlaban Gaineko Plana burutu ahal izateko baina, Villarrek azaldu du beharrezkoa ikusten dutela bertara ura eroatea.

Landagipuzkoa32rako proiektuak

Arlaban Gainera ura eramateko proiektua landu dute dagoeneko, eta hain zuzen ere, hauxe da Aldundiaren  Landagipuzkoa32 egitasmora aurkeztuko duen proiektuetako bat.

Dena den, proiektuak kostu handia du, kalkulatu dutenaren arabera 600000 euro inguru. Landagipuzkoa32 egitasmoaren arabera, ALdundiak %75a jarriko du proiektu bakoitzean, eta Udalak gainerako %25a. Udaletik esan dutenez, ikusi egin beharko da Aldundiak proiektua onartuta ere, Udala bere zatiari aurre egiteko gai izango den edo ez.

Baserrietako sarbideak moldatzeko asmoa ere aurkeztu dute Aldundira, eta kasu honetan, aste honetan bertan amaitzen da era honetako proiektuak aurkezteko epea. Aldundiak onartuz gero, Leintz Gatzagako udalak dagoeneko aurreikusi du 15000 euroko diru partida bat dagokion zatia finantzatzeko.

Arau subsidiarioen aldaketa

Azken osoko bilkurako beste erabakietako bat izan da Lurzoru Hiritarezineko Plangintzako Arau Subsidiarioen aldaketa puntuala. Honen arabera, herrian dauden 32 baserrietan bi etxebizitza egiteko aukera izango dute, baserriaren estruktura ukitzen ez badute behintzat. Honekin, gazteak herrian geratzeko aukera gehiago izatea gura du Udalak, eta ez daitezela etxebizitza bila beste herri batzuetara joan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak