Arlaban gaineko plana orain dela urtebete egin zuten; aurreko agintaldiko udalbatzak egin zuen, Toledo aditu taldearekin batera. Orduan zera proposatu zuten: ostatu eta aisialdirako gunea egitea Arlabanen, eta nekazaritza-turismoko jarduerendako tokia. Bost esparru zehaztu zituzten bertan: babestu beharreko gunea (basoa eta erreka); Aizkorri-Aratz parkean sartutako lurrak; abereak ibiltzen diren gunea; ostatu eta aisialdirako gunea –guztiaren %24,5–; eta nekazaritza-turismoko ekipamenduendako gunea –Jakion eta antzeko jarduerendako tokia, %0,68. Sarrera samurtzeko, biribilgunea egitea proposatu zuten, errepide zaharra eta Arlabangoa elkartzen diren inguruan.
Ekainean lanean hasi ziren udalbatzako kide berriek plana aztertzen jardun dute, baita herritarrek aurkeztutako alegazioak ere. Eta hainbat aldaketa proposatu dituzte. Toledo taldeko kideekin egon dira aldaketok adostu eta plana berritzeko, baina oraindik ez dute azken erabakirik hartu: "Ez da hain samurra, onartu aurretik guri ez dagokigun beste kontu batzuk daudelako konpondu beharrekoak; uraren kontua, esaterako", esan du Eusebio Villar alkateak.
Maroto basoko iturburutik iristen da ura Arlabanera; Gaztainuzketako mendi etxeetara, esaterako. Baina uda sasoian ur gutxi dakar, eta alkateak uste du Arlabanen egin gura diren ostatu eta aisialdi guneek ura zelan izango duten ondo zehaztuta utzi behar dela. Horregatik, bai Aldundiko, bai Jaurlaritzako ordezkariekin elkartuko dira hurrengo hilabeteotan; Turismo Saileko arduradunekin, esaterako, ekainean dute batzarra.
Jakion enpresarendako lekua
Arlabango plana onartuz gero, nekazari produktuak gertatzen dituen Jakion enpresak izango du tokia bertan. Orain, Gatzagako San Migel plazan dauka lantokia, baina azpiegiturak ez dira egokiak, eta Udalaren asmoa da Arlabanera eroatea. Azken hilabeteotan, gainera, plan estrategikoa egiten dabil Jakion. Horrekin, hamar urteotako ibilbidea ondo aztertu, eta etorkizuneko pausoak zehaztu gura ditu.