Arlaban gaina arautuko duen plana ikusgai dago

Mirari Altube Arrese 2008ko aza. 28a, 12:50
Urriaren 28ko osoko bilkuran behin behineko onarpena egin zioten Arlaban gaineko plan bereziari, eta joan zen astean herritarren aurrean aurkeztu zuten. Orain 45 egun dituzte interesatuek plana udaletxean kontsultatu eta alegazioak aurkezteko.

Orain dela urte eta erdi –aurreko agintaldiko udalbatzak– aurkeztu zuten lehen aldiz Arlaban gainerako Udalak zituen asmoak. Arlaban eta Gatzagain inguru guztia arautzea zuen helburu planak. Orduko hari, baina, aldaketa txiki bat egin diote eta murriztu egin dute plan barruan sartuko den lursaila: Arrikurtz baserriraino sartuko da eta ez Arabako mugaraino. Plan barruan 45 hektarea sartu dituzte, eta honela banatu: nekazal turismorako, 17; nekazal ekipamenduetarako, 4; ingurumenaren babeserako, 10; eta Aizkorri-Aratz parkeko mugetarako, 14. 


Nekazal turismorako aurreikusitako 17 hektarea horien %5 bakarrik izango lirateke eraikitzeko, hau da, ostatu eta antzekoak jartzeko eta gainerakoa aisialdirako gordeko lukete: zalditegia, bizikletak ibiltzeko gunea… Nekazal ekipamenduetarako aurreikusitako lau hektareak Udalarenak dira, eta %50 eraikitzeko izango da, hain zuzen nekazaritzarekin zerikusia duten enpresak eraikitzeko: "Jakion enpresarendako gertatu gura dugu lur hori, orain dauden lekuan ez daudelako behar bezala", azaldu digu Eusebio Villar alkateak.

Ur-depositua Gatzagainen

Planean, gainera, biribilgunea egitea aurreikusi dute errepide zaharra eta Arlabangoa elkartzen diren tokian: "Baina Errepide Saila ez da lanean hasiko Arlabanen ez badago mugimendurik", dio alkateak.
Gainera, planak oztopo handia dauka: uraren arazoa. Lapikozuluetako iturburua lehortu zenetik Gaztainuzketako mendi etxeek ur arazoak dituzte, eta planarekin aurrera egiteko konpondu beharra dagoela dio Villarrek: "120 metro kubikoko ur-depositua egin beharko genuke Gatzagain inguruan eta bertara ura eroan herriko depositutik". Horrek baina dirutza handia eskatzen du eta Landagipuzkoa egitasmora egin dute eskaera: "Badakigu zaila izango dela urrian egin zuten deialdian onartzea, baina gure itxaropena da Gabonetarako egin duten deialdian sartu eta onartzea". Hala gertatuz gero datorren irailean onartuko luketela behin betiko plana uste du Villarrek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak