Apirilean hasiko dituzte Santa Kolunbako lanak

Mirari Altube Arrese 2009ko mar. 27a, 11:30
Eskoriatzako Razkin eraikuntza enpresari eman dio Udalak Santa Kolunba ermitako lanen ardura. Apirilean hasiko dituzte lehen faseko konpontze lanok.

Espainiako gobernuak 44.216 euroko dirulaguntza agindu zion Gatzagako Udalari Estatu Fondotik –Debagoienean diru gutxien jaso duen herria–. Diru hori Santa Kolunbako ermita konpontzen hasteko da, hasi bakarrik, ezingo dutelako gehiago egin: "Pentsa diru horrekin zer egin daitekeen, seguru asko, teilatua konpondu; askoz gehiago ez behintzat", esan digu Eusebio Villar alkateak. Hortaz, ermita txukundu besterik ez dute egingo. Gainera, lanok derrigorrez hasi behar dituzte apirilean Madrilgo gobernuak jarritako baldintza bat da-eta.
Lehenengo fase hori bukatutakoan, beste bi geratuko lirateke egiteko, ermita guztiz konpondu eta gatz museoko sarrera bihurtzeko. Fase horiek, baina, ez dakite noiz egingo diren, oraingoz behintzat ez dutelako dirurik lortuko: "Ahal den moduan dirua lortzea da gure asmoa, hau da, lanokin ez ahaztea eta lehenbailehen egin ahal izatea. Baina egoera ez da onena, eta ez dakigu noiz izango den", argitu du alkateak.

Informazio gune

Elizak Udalari eman zion gatz museora bidean dagoen Santa Kolunbako ermita. Ez dauka santuaren irudirik orain, baina barruan aldaretxo bat dauka. Udalaren asmoa da ermita hori gatz museoko informazio gune eta sarrera bihurtzea. Bisitariak hartuko lituzkete bertan eta handik hasiko lukete gatza egiteko prozesuaren bisita. Horrek, baina, itxaron egin beharko du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak