Aldaketok bertako baserritarrekin adostu zituen Udalak. Hala ere, erreklamazioak egon, egon daitezkeela uste du Eusebio Villar alkateak baserritar ez direnek ere badituztelako abereak. Aldaketarik handiena, gainera, bizitokiarekin dauka zerikusia, hau da, Gatzagan erroldatuta daudenek eta bertan bizi direnek izango dute lehentasuna abereak mendira eroateko baimenak lortzerakoan: "Baina lekua egonez gero mendian, Gatzagan bizi ez direnek ere eroan ahal izango dituzte", dio alkateak. Baimen eskaerak udaletxean egin behar dituzte azaroaren 30a baino lehen, eta Udalak Aldundiari bideratuko dizkio: "Azkenean Aldundia da baimenak ematen dituena, eta ez dakit lekuarekin arazorik izaten den. Nik ezetz esango nuke, izan ere, gero eta abere gutxiago ditugu; behorrak eta behiak oraindik badituzte baserrietan, baina ardiak esaterako, gutxitzen dabiltza", argitu digu alkateak.
Maiatzaren 1az gero abereak mendira eroan ditzakete baimena duten jabeek. Behiek azaroaren 30a arte egon ahal izango dute, eta behorrek, ardiek eta ahuntzek otsailaren 29a arte.