Gatzagako Udalak eta Aldundiak elkarrekin egiten diote jarraipena Gatzagako Mendiari eta baso hori zaindu eta hobetzea du helburu onartutako ordenantzak. Abereak bertara eroan gura dituzten abeltzainek Gatzagan bizi eta erroldatuta egon behar dute. Bi baso bereizten dituzte Gatzagan, GI-3310 errepidearen banaketa kontuan hartuta, eta eskatzailearen helbidearen arabera banatuko dituzte abereok batera edo bestera.
Datorren urterako baimen eskaerak udaletxean aurkeztu behar dira azaroaren 30a baino lehen, basora eroan gura den espeziea eta abere kopurua zehaztuta. Nekazaritza Ustialekuen Erregistroan izena emanda izan behar dute abeltzainek baimena eskuratzeko. Gainera, abereok osasun betebeharrak betetzen dituztela ziurtatu beharko dute jabeek.
Txerriek debekatuta
Gatzagako Mendian behiak, ardiak, ahuntzak eta zaldiak ibil daitezke; txerriek guztiz debekatuta daukate. Ardiak eta zaldiak maiatzaren 1etik hurrengo urteko otsailaren 29a bitartean egon daitezke basoan, eta behiak, maiatzaren 1etik azaroaren 30era. Basoko eremu baten ganadu gehiegi balego, beste batera eroan beharko dituzte. Halakoetan, hektarea bakoitzeko 10 ardi edo bi behi edo zaldi bat sartu ahal izango du jabe bakoitzak.
Egingo den ustiapenaren ordain moduan Udalak kuotak ditu jarrita. Erabilitako basoa zaintzeak dakartzan gastuak ordaintzeko dira kuota horiek.