387.000 euroko aurrekontua, egoera oso larria bizi duen Udalerako

Julen Iriondo 2010eko maiatzaren 28a

Oso oso larria. Horrelakoxea da Leintz Gatzagako udalaren egoera ekonomikoa. Udalbatzak atzo onartu zuen aurtengo urterako aurrekontua. Onarpena atzeratu egin da asko, udalak gastu arruntei aurre egiteko ere dirurik ez zuelako. Kontuak onartu ahal izateko, kultur elkarteei eman beharreko dirua %10 jaitsi dute besteak beste.

386.902 euro. Horixe da Leintz Gatzagako udalaren aurrekontua aurtengo urterako, iazkoa baino 27.000 euro txikiagoa; eta ez hori bakarrik, aurrekontuko gastuen ataletik kanpo, beste 14.000 euro itzuli behar dizkio Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari. Ondorioa, oso larria da Gatzagako udalaren egoera ekonomikoa. Eusebio Villar alkateak adierazi du aurrekontua onartu ahal izateko partida batzuk kendu behar izan dituztela, eta urte amaieran ordaindu beharreko zenbait datorren urterako utziko dituztela.

 

Izan ere, ez dago dirurik. Beste adibide bat: Udalak bermeak eskatzen ditu, adibidez, basotik egurra ateratzerakoan bideak hondatuko ez direla ziurtatzeko. Bermeok itzuli egin behar izaten dira gero, baina egun ez da horretarako ere iristen.

 

Oraingoz, aurten egingo duten inbertsio bakarrari iazko aurrekontutik gordetako partida bateko diruarekin egingo diote aurre. Jaien ostean hasiko dira frontoiko lanak egiten. Egun ez dago gehiagorako dirurik: kultura etxean itoginak dituzte, baina baldeak jarrita konpondu beharko dute oraingoz. Herriaren goiko aldeko uraren hoditeria ere oso egoera txarrean dago, hodiak apurtu eta ur zikinak garbiekin nahasteko arriskuan, baina lau-bost urtean ezin izango dituzte lanok egin. Ez dago dirurik, eta honek beste ondorio bat ere ekarri dezake: dirulaguntzak galtzea. Esaterako, Landagipuzkoatik jaso beharreko dirulaguntza bat kolokan dago. Udalak bere zatia jartzerik ez badu, galdu egingo du Gatzagainera ura eramateko jaso behar lukeen dirulaguntza. Herritarrek, beraz, igarriko dute datozen hilabeteetan udalak bizi duen egoera zaila: "Jaiak, adibidez, nahikoa pobreak izango dira aurten", zioen alkateak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak