Ez dago aldaketarik ibilbidean, eta azken urteotan legez Debagoienean zehar ibiliko dira txirrindulariak. 10:00etan irten eta Bergararaino joango dira lehenengo itzulian, Mayc lantegia dagoen lekuan buelta eman eta Gatzagatik gora Arlabaneraino igoko dira. Ondoren beste bi itzuli emango dituzte Arrasateraino, eta 119 kilometro ibilitakoan Gatzagako helmugara iritsiko dira. 12:45 inguruan izango delakoan daude antolatzaileak. "Iaz 95 txirrindulari elkartu ziren, eta aurten ere antzera izatea gurako genuke", esan digute antolatzaileek. Baina ez da proba samurra, iaz esaterako, irteerako 95 txirrindularietatik 48k bakarrik bukatu zuten.
Dorletako Ama txirrindulari lasterketa iraileko jaietan egiten zuten lehen –orain dela hiru urte arte–, baina denboraldi bukaera izanda oso txirrindulari gutxi etortzen zelako aldatzea erabaki zuten. Iraileko jaietan, ostera, mendi bizikleta zeharkaldia egingo dute azken urteotan legez.