Gatza hartu dute ardatz aurten, eta suak eta txokolateak egingo diote lagun San Milixan egunean. Ohiturari jarraituz artisauak izango dira Gatzagako pilotalekuan. Aurreko urteetan baino gutxiago etorriko dira, baina norberak ekoiztutako produktuak ekarriko dituzte: zilarrezko bitxiak; egurrezko jostailuak; opil, gozoki eta pastelak; euskal buztingintzaren produktuak; xaboi naturalak eta beste hainbat. Iaz lehenengoz egon ziren Nafarroako Latasa anaiak aurten ere hurreratuko dira Gareseko piperrik goxoenekin. Hainbat mota ekarriko dituzte: pikillo, piko, bola eta bertan erreta eraman ahal izango dute hurreratutakoek. Artisauen postuekin batera Sorginak emakume taldeak talo txosna jarriko du, eta barrua berotzeko talo goxoak eskainiko dizkigute. Taloak, baina, ez dira izango jateko bakarrak; izan ere, bonboiak egongo dira dastagai, gatzezko bonboiak. Herritarrek gatza jaso dute etxean gatz ureko iturritik jasotako urarekin. Gatz horrekin bonboiak egingo dituzte Oñatiko Klax txokolate elkartekoek.
Bihurri aizkolaria
Eguerdian, bestalde, Ernesto Ezpeleta Bihurri aizkolari eibartarraren gorabeherak jarraituko dituzte San Migel plazara etorritakoek. Lodiera handiko enborrekin egiten du lan Bihurrik eta domekan ere erakustaldi polita eskainiko du: "3 metro dituen enborra moztuko du, eta gero motozerrarekin irudiren bat egiteko asmoa dauka", esan digu Jon Sasiain kultura zinegotziak.
Gatz ekoizpena museoan
Gatzaga herria eta gatza elkarrekin doaz eta bata ez da ezer bestea barik. Horren erakusgarri da Eugenio Otsoa gatz museoa, eta San Milixan jaietarako bertako dorla egokitzea erabaki zuen Udalak. Orain arte ere azaltzen zuten gatzaren prozesu guztia museoan baina gatza ekoizteko modurik ez zeukaten. Horregatik ataletan banatutako dorla jarri dute, eta azpian sua egingo diote. Bertako iturrian jasotako urarekin gatza zela ateratzen den erakutsiko dute hemendik aurrera, eta domekan izango dute herritar zein kanpotarrek ikusteko lehenengo aukera.