Gurel elkarteko zuzendaritza batzordeak egindako azken batzarrean ludoteka izan zuten berbagai. Herrian eskaintzen duten ludoteka zerbitzuarekin zer egin erabakitzea zuen helburu batzarrak.
Gazteentzat proposamena
Orain arte bi txanda egin izan dituzte Garro jauregian dagoen ludotekan: txikiak batetik eta gaztetxoak bestetik. Baina konturatu dira azken horiek gero eta gutxiago joaten direla eta ez duela merezi bere horretan jarraitzeak. Hala, txikienentzat egunero ordubete zabaltzea zela egokiena pentsatu zuten, eta hori antolatzeko gurasoekin bilera egitea komeniko litzatekeela.
Gaztetxoekin, ostera, beste era bateko ekintzak egitea proposatu zuten: KZgunean lan egin, gustuko dituzten ikastaroak antolatu eta antzekoak.
Begirale bila
Lehenbailehen zabaldu gurako lukete umeen jolas txokoa Gureleko kideek, baina oraindik ez dakite zein izango den begiralea. Arrasteko Txatxilipurdirekin egin zuten iaz berba, baina hark eskainitakoa oso garestia zen Gatzagako elkarte txikiarentzat eta ezetza eman zioten. Begiralea izendatu bezain laster zabalduko ditu ateak ludotekak.