Berritasunek izan dute arrakasta handien aurtengo Andramaixetan

Goreti Elortza 2006ko ira. 11a, 10:30
Eguenean 18:00etan hasi zituzten gatzagarrek herriko jaiak, Andramaixak. Eta lau egun hauetan, haur, gazte zein helduentzako ekitaldiak egon dira. Ondoko herrietako jendea ere hurbildu da herrira, baina bestetan baino gutxiago, eta gauetan batez ere. Egunean zehar ez da jende askorik hurbildu, baina, hala ere, gatzagarrek jaiak primeran pasa dituztela aitortu digute.

Urteroko lehia

Urteroko lehia

Ama Birjina egunean, egubakoitzean, etorri ziren urtero bezala otxandiarrak herrira. Goizean egin zieten ongietorria, 11:30ak aldera. Bazkalostean, askotariko jokoetan euren abilezia erakutsi zuten bi herrietako lagunek. Gauean, rock kontzertuak egon ziren herriko plazan eta goizaldera arte iraun zuten.

Zapatua izan zen jaietako egunik indartsuena. Goizeko 05etan adardunak eta poney-ak izan ziren goiztiarrentzat. Gaupasa egin zutenak zein beste zaleak elkartu ziren herriko kaleetan eta istripu larririk ez izan arren, egon zen etxera susto ederrarekin joan zenik. 11:30ean berriro atera zituzten zezen txiki eta poney-ak eta gaztetxoak oso gustura ibili ziren.

Herri kirol eta trialsin erakustaldia ere egin zuten zapatuan. Jende asko batu zen bi ekitaldietan. Arratsaldean, Toki Eder elkartean mus txapelketa jokatu zen eta plazan gaztetxoentzako jolasparkea jarri zuten. Andramaixetako egun nagusia borobiltzeko, gauean II. herri afaria egin zuten herritarrek Udal Pilotalekuan. Iaz egin zuten afaria lehengo aldiz eta izandako arrakasta ikusita, aurten ere egin dute. 130 pertsona inguru bertaratu ziren. Afalostean, Drindots taldearekin dantzaldia egon zen herriko plazan.

Mendi bizikleta eta pilota jaiak agurtzeko

Jaiak amaitzeko, IV. mendiko bizikleta zeharkaldia egin zuten atzo goizean, ume eta helduen kategorietan. Ondoren, herri poteoa egin zuten animatutako guztiek eta arratsaldean pilota partiduak egon ziren.

Jaiei amaiera emateko, Oñatiko Gora taldearekin dantzaldia egon zen arratsaldean. Horrekin esan zieten agur Gatzagako herritarrek aurtengo jaiei. Datorren urtean gehiago!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak