Azken asteetan ludotekako hezitzailea izan den Itsaso Pagoaga eta beste bi lagun izango dira udalekuen arduradun. Arratsaldetan elkartuko dira, 16:00etatik 19:00etara bitartean, eta moldaketa batzuk egindako urteroko egitaraua jarraituko dute. Izan ere, ekitaldi batzuk urtero egin izan dituzte, Gamarrako igerilekura eta zaldian ibiltzera joan, esaterako, eta Gureleko kideek ez dituzte egitarautik kendu gura. Hala, San Fermin eguna ere ospatuko dute entzierroa eginda. Uztailaren 12an, eguaztena, bestalde, Gaztainuzketara joango dira gaua pasatzera.
Uztailaren 7an, Pilota Txapelketa
Udalekuak hasi baino lehen, uztailaren 7an, Leintz Gatzagako I. Pilota Txapelketa egingo dute. Herriko 10 mutikok hartuko dute parte, eta guztiek jasoko dute saria. Gainera, Martinez de Irujok eta Aimar Olaizolak sinatutako pilotak zozketatuko dituzte.