Hamar gelako ostatua egingo dute Soran etxean Gaztainuzketako jabeek

Mirari Altube Arrese 2006ko mai. 8a, 11:20
Udalak 73.000 euroren truke saldu die; orain, goitik behera eraberritu behar dute jauregia. Santiago kalean dagoen jauregiari "Indianokoa" esaten diote herrian, eta XVIII. mendekoa da.

Apirilaren 25ean egin zuten osoko bilkuran esleitu zion udalbatzarrak Gaztainuzketa mendi etxeak dituen Montse eta Loren bikoteari Soran jauregia -edo Indianokoa-.

Egoera eskasean

Benetan egoera eskasean dago Santiago kaleko Soran jauregia. Horregatik, eraberritzeko proiektua egin zuen Udalak, eta dirutza handia zela ikusita lehiaketara ateratzea erabaki zuen. 73.000 eurotan jarri zuten gutxiengo prezioa eta eskaera bakarra jaso zuten Udalean, Montse eta Lorenena. Eurena da orain jauregia, eta lehenengo lana goitik behera berritzea izango da.

Hamar gelako ostatua

Bi hilabeteren buruan hasiko dituzte zaharberritze lanak Soran jauregian. "Kanpotik dagoenetan utzi behar dugu, herriko ondare izendatuta dagoelako; hortaz, kanpoaldetik daukan eskailera bere ere dagoenetan uzten saiatuko gara", dio Montse jabeak. Barrualdea, ostera, guztiz aldatuko diote: hamar gela egingo dizkiote, 60 lagunendako jangela, laneko batzarretarako egongela eta taberna txiki bat. Jabeek, gainera, bertan izango dute bizilekua. Zabaltze epea eta izena ere dagoeneko jarri dizkiote jauregiari: "Datorren urteko Gabonetarako zabaldu gura genuke eta Soran etxea izango du izena".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak