"Ibarrean proiektu handien gainean berbetan, eta hemen autobus bat ere ez"

Goiena.net 2005ko abe. 2a, 19:44
Gatzagako taldeek osatzen duten garraioaren komisioko kide da Rosa Urreta. Herritarrek Diputazioari egindako eskaeren gainean ibili gara berbetan, eta baita Leintz Gatzagaren egoeraren gainean ere.

Gatzagarrek hainbat eskaera egin dizkiozue Diputazioari.

Eskaera argiena da garraio publikoa gura dugula, autobusak gura ditugula. Debagoieneko gainontzeko herrietan badute zerbitzu publiko hori, eta hemen ez.

Eta zelan konpondu hori?

Ez da horren zaila. Ibilbidea apur bat aldatzearekin, nahiko. Hau da, Gasteizera doazen eta Gasteiztik datozen autobusak Arlabanetik igaro beharrean, pasa daitezela Gatzagatik. Eta, autobus guztiak pasatzea ezinezkoa bada, gutxienez, bi ordutik behin pasa daitezela Gatzagatik.

Badira hamabost urte herritik pasatzen ez direla.

Oso kuriosoa da hori. Herriaren gainean dagoen zubia zabaltzeko lanak zirela-eta, autobusak Arlabanetik pasatzen hasi ziren, eta ordutik ez dira errepide zaharrera bueltatu. Arlabanen istripuren bat egoten den arte. Bai, orduan ez dute herritik igarotzeko inongo arazorik izaten, horrek ematen digu barregura. Orain momentuan, autobideko lanak direlako, herriko lanak direlako... egunero ibiltzen dira kamioiak gora eta behera, eta gero esaten digute autobusak ezin daitezkeela Gatzagatik igaro.

Zerk ematen du amorru handiagoa: herrian autobusik ez izatea, ala Debagoienerako dauden proiektuak ikustea?

Benetako amorrua ematen diguna da Gatzaga Debagoienetik aparte dagoen herri bat dela ikustea, ahaztuta dagoen zerbait. Hortxe dabiltza AP1 autobidearekin, tranbiaren kontuarekin... Horrenbeste makro-proiektu, eta Gatzagan autobusa ere ez daukagu. Horrekin batera, Diputazioa da, ustez, garraio publikoa bultzatu gura duena, eta garraio publikoa da, hain zuzen, guk eskatzen duguna; zerbaitek egiten du hor kale.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak