Luis Mari Murua: "Zuntz optikoa iritsiko ez den lekuetan WiMAXek eskainiko du banda zabala"

Gatzagan Internet behar den moduko konexioarekin erabili ahal izateko dagoen aukeretako bat da WiMAX sistema erabiltzea. Astelehenean egin zuten batzar informatiboa kultura etxean, eta gatzagar asko elkartu ziren.

Batzarrean Euskaltel enpresako ordezkari Luis Mari Muruak WiMAX teknologia berriaren gainean egin zuen berba: "WiMAX da banda zabala eduki ahal izateko dagoen teknologietako bat; hori da seinale bidez dagoen teknologia berrienetakoa. Esan dugu seinale bidez dabilela, eta horrek esan gura du ez dela kablerik behar. Kontratatzen duenak errezeptore bat izango du etxean, seinalea jasoko duena".

Eta hori da herri txikietan dagoen komunikazio arazoa konpontzeko irtenbideetako bat. Hala, erabiltzaileek telefonia eta Internet izango dute teknologia horrekin. Eta, aurrerago telebista seinalea ere jaso ahal izatea aurreikusten dute.

Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzarekin

Erabiltzaileek ordaindu beharko dutenaren gainean ere galdetu genion: "Oinarrizko zerbitzua kontratatzeko 35,20 euro ordaindu behar dira hilean. Horren barruan egongo dira Internet eta telefonia zerbitzuak. Kontuan hartu behar da, baita ere, seinalea jasotzeko aparatua behar dela, errezeptorea; eta ordenagailu bakoitzarendako modema edo routerra ere behar da. Baina bi aparailu horiek eta instalazioa debalde jartzeko Eusko Jaurlaritzak dirulaguntza ematen du. Horrenbestez, erabiltzaileak hileko kuota bakarrik ordaindu beharko du".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.