Euria izan da gatzagarren buruhauste nagusia aurtengo Andramaixetan

A.G. 2005ko ira. 12a, 10:45
Aurrerantzean herri afaria egingo dute Leintz Gatzagako jaietan. Aurten egin dute lehen aldiz ohiko bazkariaren ordez eta aurreikuspen guztiak gainditu dira.

Atzo, domeka, agurtu zituzten herriko jaiak gatzagarrek. Euriak ezuste bat baino gehiago eman ditu aurten Andramaixetan. Behin baino gehiagotan harrapatu ditu bete-betean herriko plazan. Ez du euri askorik egin, baina pilotalekua inoiz baino preziatuagoa izan da aurten.

Nobedadea, herri afaria

Herri bazkaria egin izan dute beti Gatzagako jaietan. Aurten, ordea, afaria antolatu du Udalak eta inoiz baino jende gehiago bildu da. "Ehun bat lagunendako afaria geneukan prestatuta. Azken orduan, ordea, jendea biltzen hasi zen eta aurreikuspen guztiak gainditu ziren", esan digu Jon Sasiain kultura teknikariak.

Gauez jende gutxi

Egubakoitz gauean rock kontzertua egin zen Leintz Gatzagan. Arian Rock, 23F, Show Business eta Malenkonia taldeak aritu ziren. "Aurreko urteetan jende gehiago etorri izan da rock kontzertura", aipatu digu Jon Sasiainek. "Euria ari zuen eta horregatik etorriko zen jende gutxi".

Zapatuan giro hobea zegoen eta Haitzama taldeak arrakasta gehiago izan zuen. "Giro oso ona egon zen plazan. Dantzaldia laburra egin zitzaigun askori", esan digu Jonek.

Kultura teknikariak, ordea, ez du ulertzen zergatik ateratzen den hain jende gutxi gauez Leintz Gatzagan. "Egunez jende asko ibiltzen da. Haur jokoetara herritar asko etortzen da. Gauez, aldiz, gatzagar gutxi animatzen da plazara".

Kirolak

Kirolak ere bere tartea izan du Leintz Gatzagan. "Domekan trialsineko txapeldun Diego Barrio genuen etortzekoa baina ez da agertu", esan digu Jonek. Hori izan da bertan behera gelditu den ekitaldi bakarra. Euria egin arren gainerako guztiak egin dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak