Sei artisau lanean ikusteko aukera izan zen Gatzagan

Goiz eta arratsaldez egon zen zabalik frontoian hamabost postuk osatu zuten artisautza azoka. Gatzagako Sorginak elkarteko hogeita bi emakumek taloak, salda beroa eta ardoa saldu zituzten.

Azoka txikia baina polita egin dute aurten ere Gatzagan. Domeka goiz eta arratsaldean egon zen zabalik, eta hainbat langintza erakutsi zituen Leintz Gatzagako artisau azokak.

Bizkaia, Nafarroa eta Gipuzkoako artisauak

Aurtengoan, Bizkaitik, Nafarroatik eta Gipuzkoatik etorritako hamabost artisauk osatu dute San Milixanetako feria Gatzagan. “Urtero artisau desberdinak ekartzen saiatzen gara”, adierazten zuen azokaren sarreran aurkitu genuen Joxerra Perez alkateak. “Modu horretan, azokara langintza eta artisau berriak etortzen dira”.

Aurtengoa Leintz Gatzagako azokaren hamabigarren edizioa izan da, eta hotz egiten bazuen ere, asko izan ziren bertaraino hurbildu ziren bisitariak.

Denetariko eskulanak

Egurrezko eskulanak, maketak eta tailagintza, lore lehorrak, ukendu eta olioak, euskal jantzi tradizionalak... hamabost artisau postu horien artean, bakarra ibarrekoa: Igor eta Arrateren Elexamendi larru tailerra, hain zuzen ere. “Aitak zapatak egiten zituen eta bere erremintekin hasi nintzen ni”, jakinarazten zigun Igorrek. “Norberak ikasi behar du bere lanbidea: guk gure kabuz ikasitakoak gara. Azoketan gure burua ezagutarazten dugu eta garrantzitsua da hori”, esaten zuen artisauak esku artean zuen larru azala kolpatzen zuen bitartean.

Sorginen jakiak

Azoka ikusi ondoren indarrak berreskuratzeko, edo egiten zuen hotza uxatzeko, Leintz Gatzagako Sorginak elkarteko emakumeek hamarretako goxoa prestatu zuten denentzat. Taloak, salda beroa eta ardoa edo sagardoa.

Guztira, hogeita bi emakume inprobisatutako sukaldean jo eta su. Tartean, 84 urteko Petra, denen artean taloa egiten maisu.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.