Erretiratuen Eguna irailaren 18an

Zapatuan, irailak 18, ospatuko dute Erretiratuen Eguna Gatzagan. Txikiteoa eta bazkaria dira eguneko hitzordu nagusiak.

Erretiratuen Eguna ospatuko dute irailaren 18an gatzagarrek. Herriko nagusiei omenalditxoa egiten diete urtero Gatzagan. Aurten 30 lagun animatu dira urteko hitzordura; iaz baino hiru lagun gutxiagok ospatuko dute jaia.

Hain zuzen ere, 13:30ean elkartuko dira, eta hasteko, txikiteoa egingo dute, trikitilariek lagunduta. Horren ondoren, 14:30ak inguruan, Toki-Eder elkartera joango dira. Bertan, mahaiaren inguruan eseri eta guztiek batera bazkalduko dute.

Aurten ez dute jana elkartean prestatuko. Nahiz eta orain arte elkarteko sukaldea erabili Erretiratuen Eguneko bazkaria prestatzeko aurten Gatzagain jatetxeari eskatu diote antolatzaileek otordua antolatzeko.

Azken urteetan egiten duten moduan, bazkarian parte hartzen duten guztien artean opariak banatuko dituzte. Guztiei zenbaki bat emango zaie, eta gero, zozketa egin. Azkenik, ohiturarekin jarraituz, bazkarian parte hartzen duten emakume eta gizonezko nagusienei omenalditxoa egingo diete. Emakumeari lore-sorta eman ohi diote; txapela, berriz, gizonezkoari. Hala ere, aurten oroigarri desberdinak emango dizkietela jakinarazi dute antolatzaileek.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.